GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Berezkoak

Faboritoak izan ez arren, Sorhuetek eta Kurutxarik Superprestigioko final-laurdenak jokatuko dituzte

Jon LEUNDA

Sorhuetek eta Kurutxarik lortu zuten atzo Donibane Garazin, buruz buruko Superprestigioko final-laurdenetan izateko txartela. Biek gainera, ezustea eman zuten. Lapurtarrak Ozafrain menderatu zuen, eta Nafarroa Beherekoak, berriz, Etxeto.

Sarrera bikaina izan zuen atzokoan Garat trinketak, eta bertaratu zirenek ez dute inongo damurik izango, sekulako norgehiagokak ikusi baitziren. Lehen kanporaketan Sorhuetek 34-40 irabazi zion Ozafraini, nahiz eta azken hau zen irabazteko faboritoa.

Lehen kintzeetako orekaren ostean, faboritoak, Ozafrainek, aurrea hartu zuen eta 23-7 aurretik jarri zen. Partidaren erdia egina zeukan eta zuen aldea ikusita, denek irabazle jotzen zuten, baina hortxe hasi zen partida aldatzen.

Sorhuetek erreakzionatu, eta dena ongi ateratzen hasi zitzaion, eta 29-29 neurketa berdintzea lortu zuen. Hor partida berri bat hasten zen, baina oraingoan, eta ordura arte nola joan zen ikusita, Sorhuetek abantaila zeukan eta garaipena erdietsi zuen. Kanporaketak 79 minutu iraun zituen. Ozafrainek 7 kintze egin zituen sakez, eta 8 Sorhuetek. Markagailua honela ibili zen: 1-1, 2-2, 4-4, 13-4, 16-5, 23-7, 29-29, 30-30, 30-36, 32-37 eta 34-40.

Estuagoa

Bigarren kanporaketa are eta estuagoa izan zen. Kurutxarik irabazi zion Etxetori, 39-40. Berdinketa ugari izan zen, baina gehienetan faboritoa, Etxeto, aritu zen aitzinetik. 39-36 ere izan zen aurretik, eta bazirudien garaipena ziurtatuta zeukala, baina Kurutxarik tantoa egin eta botea berreskuratu zuenean hiru kintze egin zizkion segidan lehen jokaldiarekin eta garaipena lortu zuen.

69 minutu iraun zituen partidak, eta markagailuak honakoak erakutsi zituen: 1-1, 2-2, 4-4, 5-5, 11-11, 12-12, 13-13, 15-15, 25-16, 30-31, 33-33, 36-33, 39-36, 39-39 eta 39-40. 10 kintze egin zituen sakez Kurutxarik eta bi gutxiago Etxetok. Final-laurdenak datorren astelehenean jokatuko dira. Kurutxarik Waltari izango du aurrean eta Sorhuetek, berriz, Etxeberri.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo