Durangoko Azoka
Liburu elektronikoa: Hamaika erantzun hamaika galderarentzat
Apaletan hautsa biltzen egoten dira askotan; lokartu aurreko lasaitasun istant baten gozarazle ere badira; usain berezia dute, eta orrialdeen igarotzeak sortzen duen hotsak badu bere xarma. Liburuak, baina, denborarekin aldatuz joan dira eta, badirudi, etenik gabeko abaila hartu dutela. Digitalizatuak omen dira datozen urteetan gehien ikusiko direnak. Batzuk garapenaren alde eta besteak kontra, liburu elektronikoa kalean da.
Ariane KAMIO
Liburu elektronikoa, liburu digitala, ebook-a. Hamaika izenez ezagutua da, edo ezagutzen ari gara, baina oraindik irizpideak finkatzeke daude, bai literaturaren merkatuan eta baita ekoizpen sektorean ere. Zalantzak argitze bidean, Durangoko Azokan solasean jardun zuten atzo Andoni Sagarna euskaltzainak, Jorge Gimenez Euskal Editoreen Elkarteko kideak eta Enric Faura editore kataluniarrak. Joan Mari Torrealdai ere gonbidatuta zegoen arren, ezin izan zuen Durangon izan. Bere ordez, Sagarnak ekarri zituen «Jakin» aldizkariko 173. alean «Liburua unibertso digitalean» izenburutzat hartuta argitaratutako hausnarketak. Torrealdaik hainbat galdera planteatzen ditu liburu elektronikoaren gaiari eusteko orduan: nola deitu produktuari; terminoaren anbiguotasunari aurre egin (askotan ez da ziurra edukiari edo tresnari egiten zaion erreferentzia); «liburua» kontzeptuaren ezegonkortasuna (urteak aurrera joan ahala, nazioarteko erakundeak definizioak aldatzen ari dira); aleaz hitz egiten denean, etorkizunean zer izango den jakiteko beharra. Baina, Torrealdaik planteatzen duen zalantza nagusietako bat elektronikoak paperezkoa ordezkatuko ote duen jakitea da. Bere ustez, «historikoki medio berriek ez dituzte lehendik zeudenak desagerrarazi, baina bai aldarazi».
Liburu elektronikoaren garapena batzuek uste zutena baino mantsoago ari da gertatzen. Batetik, faktore teknologikoez gain, sozialak ere badaudelako eta, bestetik, funtzio asko dituzten tresnak nagusitzen ari direlako (azken belaunaldiko eskuko telefonoak, adibidez). Nolanahi ere, «digitala gure artean luzaroan geratzeko etorri den tresna» dela iritzi dio.
Beste zalantza bat: zein da hobea, liburu digitala ala paperezkoa? Jakina da paperezkoak jarraitzaile sutsuak dituela, tintak eta paperak ematen dituen sentsazioak beste inork eskaintzen ez dituenak direla, irakurraldirako ezinbestekoak. Hor islatzen da irakurlearen eta liburuaren arteko harreman emozionala. Hala ere, «orain ezagutzen dugun irakurgailua mugatua da, garatzeko aukera handiak dituen arren», adierazi zuen Sagarnak Torrealdairen ordez.
Ezaguna da, bada, e-book-ak merkatuetan ate joka daudela, baina non eskuratu ohi dira horiek? Asko eta asko Interneten aurki daitezke, liburutegi erraldoietan (Gutenberg, Google Books, Europeana...), baina eskaintza zabaltzen joango da denboraren igaroan; hala, laster argitaletxe erabat digitalak egongo direla aurreikusten du Torrealdaik, edota salmentak soilik Internet bidez bideratuko dituzten dendak sortuko direla «brick and click» delako fenomenoari erantzunez.
Liburu edo gailu berri horiek jarraitu beharko luketen eredu ekonomikoa ere finkatzear da oraindik. Doakotasuna baztertzeko hautua egiten du Torrealdaik eta, horren inguruan askotariko iritziak aurki daitezkeela ohartarazten badu ere, bere hitzetan, kontuan hartu behar dira sektoreaz kanpoko beste agente batzuek negozioa bereganatzeko dituzten aukerak, Google, Telefonica edo Vodafone bezalako enpresa handiek, kasurako.
Plazaratutako azken hausnarketa egile-eskubideen ingurukoa izan zen. Ohiko copyrighten erabilerak asko mugatzen du liburu elektronikoen zabalkundea, eta formula malguagoetaranzko joera (Copyleft, Creative Commons) iradoki zuen. Pirateriaren aferari dagokionez, fenomeno horren kontrako neurri egokiena «obren eskuragarritasunaren kalitatea bermatzea» dela esan zuen.
Euskal Editoreen Elkartearen izenean, Jorge Gimenezek hausnarketa «bateratua» eraman zuen Durangoko Azokako Elkartegira. Bere esanetan, «argi dago bi euskarrien arteko (paperekoa eta digitala) bizikidetza luzarorako kontua dela eta betiko izango delakoan gaude». «Ziur asko, liburu mota batzuek era azkarrago batean egingo dute liburu digitalerako bidea, adibidez, liburu zientifiko teknikoek. Beste batzuk -jarraitu zuen-, gozamen estetikorako egindakoentzat, bide hori ez da hain automatikoa izango». Euskal Editoreen Elkartearen aburuz, hiru baldintza nagusi bete eta babestu behar dira liburu elektronikoaren gaiari heltzeko orduan. Batetik, jabetza intelektualaren defentsa, «horren gainean eraikitzen baita gure kultura industriaren bizitza handiena». Bestetik, liburu elektronikoaren salneurria finkatzea (digitala tresna elektronikoa izaki, softwareek duten BEZ portzentajea aplikatzen zaie, hau da, %16, paperezko liburuen gainekoa %4koa den bitartean). Eta, azkenik, «liburuaren balio kate osoaren defentsa eta trinkotasuna zaintzea». Izan ere, «ezinbesteko aliatu» den liburu-dendaren papera zaindu nahi dute.
Liburu elektronikoaren afera orokorraz gain, Gimenezek euskal literaturak bertan izango lukeen tokiaz jardun zuen. Bere hitzetan, euskarazko liburu digitalak babes publikoaren premia du eta, oraingoz behintzat, euskal erakundeak ez dira liburu elektronikoaren kontuan inplikatu.
Sektoreari begira, euskararen literaturgintzaren ikusgarritasuna «arreta handiz» zaintzea beharrezkotzat jo zuen «paperezko liburuarekin ditugun arazoak digitalarekin errepika ez daitezen».«Bilatzen gaituenak aurkitu egin behar gaitu eta horrek euskal argitaletxeen arteko lankidetza aldarrikatzera eramaten gaitu. Bakarrik txikiak gara -esan zuen-, elkarrekin ere bai, baina behintzat bada zerbait gehiago». Ildo beretik, agertu zuen editorialen negozio ereduaren aldaketaren atarian gaudela. «Editorearen paperak funtsezkoa izaten jarraituko du sarean are garrantzitsuagoa delako preskripzioaren eta bermearen presentzia izatea. Editoreak bere lan elektronikoari prestigioa eman eta indartu beharko du», gaineratu zuen.
Azken kate-begiaren gakoa
Gimenezen ondoren, Andoni Sagarnak bigarrenez hartu zuen hitza, oraingoan, bada, berak prestatutako mintzaldia agertzeko. Bere iritziz, «urteak daramatzagu» liburu digitalak erosten. Horrela esanda, arraroa badirudi ere (urte gutxi baitira liburu digitala Euskal Herriko merkatuan sartu zela), baieztapenak badu bere azalpen logikoa. 70eko hamarkadan, inprimategietako mekanizazioa linotipiatik fotokonposiziora igaro zen. Hamar urte beranduago, idazleak izan ziren idazteko orduan jauzi nagusia eman zutenak; ohiko idazteko makinatik, makina elektronikora igaro ziren, eta handik ordenagailuetara. 90eko hamarkadan, hogei urte atzerago sortutako fotokonposizio hura desagertu eta materiala zuzenean formatu digitalera hasi zen iristen inprimategietara. Horregatik uste du Sagarnak «aspaldi ari garela liburu digitalak egiten, ez duguna egiten, ordea, liburu digitalak, saltzea da». «Azken finean, kate digital horren azken begian dago gakoa», esan zuen.
Edic. cat, aurrera doan herria
Enric Faura editore katalanak Edi.cat egitasmoaren berri eman zuen. Kataluniako hiru editorial txikik indarrak batu zituzten 2008ko udazkenean, eta ordutik erronka berriak finkatu dituzte bertako literatura teknologia berrietara aplikatzearren. Fauraren arabera, Edi.cat egitasmoaren apustu handiena berrikuntzaren aldekoa da, hau da, edizio elektronikoaren aldekoa. Helburu horiek betearazteko baina, beharrezkotzat jotzen du merkaturatzean eta banaketan aldaketak eragitea, plataforma desberdinen sorrerak baliatuz. Prozesu horretan, liburu dendek «berebiziko» garrantzia dutela nabarmendu zuen. Lortu beharreko helburuen artean, beraz, idazleen eskubideak babestea, eBook-en prezioa finkatzea, banaketa eta merkaturatze egokiak bilatzea eta marketin estrategiak zehaztea, beste askoren artean.
Liburu digitalak Durangoko Azokan
Durangoko Euskal Disko eta Liburu Azoka berrikuntzetara gerturatzen ari da. Horren lekuko, eBook, liburu elektroniko, liburu digital edo dena delakoen eskaintza dira. Oraingoz, eskaintza hori betetzen duten argitaletxe bakarrak Elkar eta Alberdania dira. Atzo goizeko hizlariek behin baino gehiagotan errepikatu zuten bezala, gailu horien prezioa oraindik ez da finkatuta. Eskuragarrienak edo merkeenak behintzat 250 euroren inguruan daude, eta prezioak hortik gorakoak dira, gailuaren memoria eta ezaugarri digitalen arabera. Argitaletxe horiek, gainera, eskaintza bereziak dituzte liburu elektroniko bat erosteagatik hainbat titulu eskuratzeko aukera ematen dutelarik. Etorkizun literarioa gainean da.