Kronika | Solasaldia Durangon
Albert Sanchez Piñol euskaraz eta Kirmen Uribe katalanez
Goizalde Landabasok gidatutako saioan, hizkuntza ugaritara itzulitako lan arrakastatsuak dituzten Kirmen Uribe eta Albert Sanchez Piñolen arteko solasa izan genuen atzo Elkartegian, Euskal Herriko eta Kataluniako literaturak ahotan.
Anartz BILBAO
Batak 2009ko Espainiako Narratiba Sari Nazionala jaso du orain gutxi, «Bilbao-New York-Bilbao» lanagatik, eta bigarrenaren «La pell freda» lana 37 hizkuntzatara itzulia izan da -euskaraz Txalapartak eman du, «Larrua hotz» izenburupean-. Ondarroako Kirmen Uribe eta Bartzelonako Albert Sanchez Piñol idazle gazte eta ezagunez eta beraien obra nagusiez ari gara. Atzo Azokak mahai berean bildu zituen biak, literaturaz mintzatzeko, eta batak zein besteak honakoa onartu zuten: «Gu ezagutzen ez gaituztela kexu garen arren, guk ere ez ditugu ezagutzen inguruko hizkuntzatan sortutako lanak.
Plaza betearen aurrean, bakoitzak bere hizkuntzan egin zuen atzo, gaztelera erabili beharrean egunotan horrenbeste goratu den itzulpenera joz –kasu honetan bat-batekora–. Uribe gozo eta Sanchez Piñol guretzat ezezaguna umoretsu oso, idazlearen kezken eta pozen berri eman zuten biek, sakonera handirik gabeko bidaia arin eta luzatuan.
Gai batetik bestera saltoka, Landabasok batak bestea aurkezteko eskatu zien idazleei, eta Sanchez Piñolek, Uriberen lana aipatuta «poesia hitzarekin egin daitekeen ariketa zailentzat» hartu zuen, berak ez baitu sekula lantzerik lortu, «ahaleginak egin arren».
Zubi lanak
Hizkuntza gutxituak aipatuta, «hizkuntza literarioa euskara dut», esan zuen beste hizkuntza batean idaztea sekula burutik pasa ez zaion Uribek, «kolaborazio txikiak egin ditudan arren, gazteleraz eta». Ondarroarraren esanetan, euskal literaturak azken berrogei urtetan egindako lanari zor diogu hori, «gurea eguzki berotan hazitako idazle belaunaldia» baita. Bide beretik, inguruko hizkuntzek egitura garatuagoak omen dituzten arren, euskara eta katalana hizkuntza gutxituak izatea ez dela oztopo onartu zuen Sanchez Piñolek, «nahiz eta Katalunian beti kexaka gabiltzan». Eta berak kexatzeko motiborik ez duela argi uzteko, lehenengo lana Italian eta italieraz itzulita argitaratu ziotela gogoratu zuen, «XXI. mendeko aukerak baliatuta».
Oztopoak gainditu beharrak itzulpenetara garamatza, «izugarri ugaritu baita itzultzeko ahalmena gurean», Uriberen esanetan, «eta euskaratik zuzenean gainera», eta horrek kultura ezberdinen arteko harreman sendoagoak izatera garamatza, zorionez.
Itzulpena zubi lana da, eta horren seinale da Sanchez Piñolen “Larru hotza” Txalapartak euskaratu izana, baita aurki katalanez izango dugun “Bilbao-New York-Bilbao” ere, Pau Hernandezek itzulia –gaztelaniazkoa prest da–.