Ikasleek Baionako geltokia blokeatu dute
Lizeoetako ikasleen protestek aurrera jarraitzen dute. Atzo Baionako tren geltokia ordu erdiz blokeatu zuten ikasleek. Hirurehun gaztek tentsioz beteriko eserialdia egin zuten errailetan, polizia ondoan zutela. Lizeoetako blokeoetan irakasleek ere hartu zuten parte atzokoan.Idoia ERASO |
Protestaldi jendetsuak ari dira egiten lizeoetako ikasleak Sarkozyren Gobernuak egin nahi duen hezkuntza erreformarekiko desadostasuna erakusteko. Astebetean hiriburuko karriketan mila pertsona inguru bildu dituzten bi manifestaldien ondoren, atzo ikasleek ordu erdi batez Baionako geltokia blokeatu zuten. Hirurehun gazte hiriko geltokiko errailetan eseri ziren eta ordu erdi batez ezin izan zen bertatik trenik pasatu.
Polizia uniformatuak ondoan zituztela iragan zen protesta eta bertan egon ziren gazteek «tentsio handiko momentuak» izan zirela nabarmendu zuten. Hainbat testiguren arabera segurtasun indarrek gazteen kontrako erasoa hasi baino lehen utzi zioten protesta egiteari.
Lizeoak ere blokeatuta
Bigarren hezkuntzako zentroen blokeoak aurrera darrai. Atzokoan ikasleekin batera irakasleak ere izan ziren lizeoetako ateetan. Hezkuntza erreformak irakasleengan izango duen eraginaren berri eman nahi izan zuten. Izan ere, ikasleek salatu bezala, mahaiaren bestaldeko langileek ere erreforma prekaritatea ezkutatzeko baliabidea izango dela nabarmendu zuten. Irakaskuntza ikasketak egiten dituztenen egoeraren kaskartzea eta horiek ordezkaketak ziurtatzeko baliatu nahi izatea salatu zuten.
Ikasleek Gabonetako oporrak mobilizazioekin jarraitzeko bideen inguruan gogoeta egiteko baliatuko dituztela nabarmendu zuten.