Aminatuk lotsagarri utzi du nazioartea
Aminatu Haidar sahararra Arrecifeko (Lanzarote, Kanariak) erietxean zen atzo, duela hilabete baino gehiago hasi zuen gose grebari eutsita. Bitartean, Ameriketako Estatu Batuetan eta Europan haren egoerarekin zerikusia zuten mugimenduak sumatu ziren. AEBetan Marokoko erregeak bidalitako ordezkaritza zegoen eta, bestetik, Europar Parlamentuan Mendebaldeko Sahararen autodeterminazio eskubideari buruzko mozioa bertan behera utzi zuten, talde sozialistak hala eskatuta. Gauean Haidar Aaiunera eramango zuen hegazkinaren zain zegoen.
Marokok kanporatu eta Gobernu espainolak Lanzaroten onartu ondoren Haidarrek hasi zuen gose grebak sahararren drama mundu osoan begi-bistakoa izatea lortu du; hartara, Marokori sortu zitzaion arazoa, Estatu espainolarentzat eta oro har Europarentzat ere nahikoa enbarazu zena, areagotu egingo zatekeen ekintzaile sahararra hil izan balitz. Horiek horrela, egoerari irtenbide bat aurkitze aldera Maroko presiona zezakeen eragile nagusia AEBak zirenez, Washingtonen zen marokoar ordezkaritzaren berri jakinda, esanguratsua izan zen herenegun Rodriguez Zapatero espainiar presidenteak Madrilgo Kongresuan esatea laster irtenbide bat ikus zitekeela. Ulertzen errazagoa da horrela Europar Parlamentuak Sahararen autodeterminazio eskubidearen gaineko mozioa bertan behera utzi izana, Marokori trabarik ez egiteko, hain zuzen. Argia dirudi denek, sahararrek izan ezik, nahiago dutela Marokok Haidarren kasuan amore eman dezan, Sahararen autodeterminazio eskubidea eta sahararren giza eskubideen gaia ahanzturara itzul dadin.
Aminatu Haidarrek bere herriaren sufrimendua eta borroka ikusgai jarri ditu mundu osoaren aurrean. Baita nazioarteko komunitateak -lehenik Estatu espainolak- urte askotan izan duen jarrera lotsagarria. Ekintzaile sahararra etxerako bidean zen atzo gauean; hala ere, ikusteko dago zein baldintzatan izango den Marokok etsai arriskutsutzat duen emakumea.