GARA > Idatzia > Kirolak

Euskal selekzioak Kirol Haerria ekitaldiko egitarauaren aurkezpena

Bereziki diseinatutako harria, lehen urratsaren sinbolo argia

Abenduaren 27an ikuskizun betea izango da Donostiako Belodromoan: harri-jasotzea, eskalada, arrauna eta xakea, besteak beste.

p026_f01_199x136.jpg

Imanol CARRILLO

Euskal Herriko Kirolariak erakundeak abenduaren 27an Donostiako Belodromoan egingo duen ekitaldiaren egitarauaren berri eman zuen atzo.

Ekitaldi hau «kirolariek beraiek antolatutako» zerbait dela argi utzi nahi izan zuten hasiera-hasieratik. Helburua, aldiz, Euskal Herria aintzat hartuko duen kirol esparrua sortu eta bultzatzeko urratsak ematea da.

Belodromoa «4.500-5.000 lagunekin betetzea» espero eta nahi dute Eneko Olasagasti zuzendariak eta Mikel Troitiño arduradunak. Belodromora gerturatuko diren ikusleek kirolarekin eta kulturarekin zerikusia duten hainbat jardueraz gozatzeko aukera izango dute. Sarrera, gainera, doakoa izango da.

Ekitaldi osoa aldarrikapen oihu bat da, baina bere «unerik sinbolikoena» Koldobika Jauregi artistak bereziki diseinatutako harria -argazkian ikus daiteke- altxatzeko harri-jasotzaileek egingo duten lehiaketa izango da.

«Altxatzea bi harri-jasotzaileren artean egingo dute. Sei bikote egongo dira, eta hiru une desberdinetan lehiaketa txiki bat egingo dute: ea zenbat altxaldi egiten dituzten. Ekitaldiaren eta euskal kirolarien sinbolo izango da harri berezi hori», adierazi zuen Olasagastik. Hor arituko dira, besteak beste, Aimar Irigoien, Joseba Ostolaza eta Telleria kirolariak.

Gizartearen esparru honetan ospetsu diren beste bi lagunek, Irati Anda eta Gorka Karapeto eskalatzaileek, Donostiako Belodromoko egitura eskalatzeko ahalegina egingo dute.

Egitaraua beste jarduera berezi batzuek osatzen dute: arrauna, triala, kick boxing-a, xakea...

Etorkizunerako urratsa

Egitarauaren aurkezpen ekitaldian kirol, bertsolaritza eta komunikabide alorretako hainbat lagunek hartu zuten parte. Hala, goian aipatutakoez gain, han izan ziren, besteak beste, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako txapeldunorde Amets Arzallus, Mikel Orbañanos, Imanol Mujika eta Arkaitz Goñi arraunlariak, Felix Izeta xake jokalaria eta Arritxu Inbar kazetaria -ekitaldiko esataria izango da Xabier Usobiagarekin batera-.

Ekimen honen garrantzia edo burrunba abenduaren 27tik aurrera ikusiko da. Orain arte, milaka kirolarik eman dute atxikimendua. Troitiñoren hitzetan, «asmoa egitura bat sortzea da, hemendik aurrera kirolariek beraiek herri mailan dituzten grinak, zazpi lurraldeak kontuan hartuta, zerbait sortzea. Asmoa da hurrengo urteetan hiriburu ezberdinetan antolatzea. Hori luzea da, egiteko dago».

Abenduaren 27a euren xedea lortzeko abiapuntua besterik ez da. «Hau eginda ez da lana amaitzen. Hemen hasten da Euskal Herriko kirolariok sortu nahi dugun egitura, tresna... Baina hori da abiapuntua: jendeari asmoa helarazi eta babesa lortzea», amaitu zuen.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo