GARA > Idatzia > Kultura> Musika

Vitalic taldea Euskal Herrian izango da apirilean, EHZren 15. urteurrena ospatzeko

Vitalic talde elektroniko ospetsuak kontzertu bakarra eskainiko du Euskal Herrian, hain justu, Euskal Herria Zuzenean jaialdiaren 15. urteurrenean. Apirilaren 23an izango da emanaldi hori, eta, jaialdiaren antolatzaileek 2010. urterako osatutako egitarauko emanaldietako bat da. Egitarau hori Elektrotasuna gaualdiak, Biarrizko Gare du Midi aretoko Itoitz Suite emanaldiak eta Euskal Herrira Zuzenean 2010 musika taldeen lehiaketak osatzen dute.

p046_f01_148x88.jpg

Ainize BUTRON | BIARRITZ

EHZ jaialdiak hamabost urte ospatuko ditu 2010. urtean. Arrosako zolan sortu zenetik, Zuberoako bazterrak zeharkatu, eta iaz Heletan finkatu zen. «2009an bihurgune bat bizi izan du jaialdiak 1996an Arrosan sortu zenetik. 2009a, beraz, berrikuntzaren urtea izan da, 2010a, berriz, ospakizunarena», bota zuen atzo Eneko Gorrik, jaialdiaren antolatzaileetariko batek. Ospakizun berezi horretarako, urtarriletik goiti hainbat ekimen antolatuko dituzte, eta, horien artean, nagusienen artean da Vitalic taldeak eskainiko duen emanaldia.

«Elektrotasunak hasi ditugunetik arrakasta handia bildu dute, bi gauetan hiru mila lagun inguru bildu baitituzte», gehitu zuen Gorrik. 15. urteurrenaren karietara mota bereko bi gaualdi proposatuko dituzte.

Elektrotasuna 3 otsailerako iragarri dute, eta, Elektrotasuna 4, apirilaren 23rako. Azken ekitaldi horretan izango dute Vitalic taldearen kontzertua. «Bira bat egina dute mundu osoan, eta, apirileko kontzertu hori izango da Euskal Herrian eginen duten bakarra», nabarmendu zuen. Eguna finkatua bada ere, lekua oraindik zehazteko zutela argitu zuten. Elektrotasuna 3. gaualdiaren egitarauari dagokionez, hori ere zehazteko zutela gaineratu zuten. Vitalic talde elektronikoaren agerpenarekin batera, martxoaren 27an Itoitz Suitekin kontzertu berezia antolatuko dute Biarritz Culture eta Festilasaiekin batera Biarrizko Gare du Midi aretoan.

Itoitz Suite

Juan Carlos Perez eta Bilboko Orkestra Sinfonikoa bilduko dira Bi Harriz Lau Xori kultur astearen karietara egingo den ekitaldi horretan. Azken ekimena Euskal Herrira Zuzenean 2010 lehiaketa da. Abenduaren 17 eta martxoaren 28 artean Euskal Herriko musika talde orok eman ahalko dute izena lehiaketa horretan. «Musikak ez ditu garai goxoak bizi, baina, horrek ez du erran nahi Euskal Herrian sortzen ez denik. Guri eszena hori bultzatu eta laguntzea dagokigu», esan zuten. Aurkeztuko diren taldeetatik hamabi sailkatuko dira, eta, azken hiru finalerako.

Atabalen gaualdia

EHZ-k antolatzen duen lehiaketaren finala apirilaren 9an izango da Atabalen. Hiru talde lehiatuko dira gaualdi horretan, eta ondotik Berri Txarrak-ek kontzertua emango du.

Hamabost urteren ondotik, gogoeta egiteko garaia

2010ean hamabost urte ospatzen dituela-eta, EHZ jaialdiak iraganari eta etorkizunari buruzko gogoeta bultzatzea erabaki du. Eta, horretarako batzorde berezia sortu dute. Hamabost urteotan ze bilakaera izan du jaialdiak, zein izan da bere eragina, zein da EHZ proiektua 2010. urtean. Galdera horiek guztiak mahai gainean jartzen saiatuko dira antolatzaileak. «Hamabost urteotako garaipenetara itzuliko gara, eta, hasierako militantzia espiritura itzultzen saiatuko gara», argitu zuen Eneko Gorrik.

Oraindik ez du zehaztua elkarteak gogoeta hori nola bideratuko duen. «Batzordearen zeregina da gogoeta bultzatzea», bukatu zuen. A.B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo