Oier Guillan eta Santiago Ortega, Teatro Laburreko Café Bar Bilbaoko saridunak
GARA | BILBO
Oier Gillan donostiarra eta eta Santiago Ortega bilbotarra izan dira aurtengo Cafe Bar Bilbaok antolatzen duen Teatro Laburreko Gidoien Saria irabazi dutenak. «Herio heroi» da euskarazko saria lortu duen lanaren izenburua, hau da, Oier Gillan Bermudezek idatzi duena. Gazte hau Errenterian bizi da eta lanbidez kazetari free-lance eta idazle lanetan dabil eta «Eskuen sustraiak» poesia-liburua kaleratu berri du. «Herio heroi» lanarekin gaur egungo gizartearen hainbat jarrerari errepasoa eman nahi izan dio Gillanek, egoera absurdo batetik abiatzen den umorearen bitartez.
Gaztelaniaz, bestalde, Ortegaren «Sobre amor y más cuentos» lanak irabazi du. Bertan, hiru ohe-eszena agertzen dira, gidari batek lotzen dituenak. «Gidari horrek, aldiberean, bere amodiozko pasadizoak kontatzen ditu. Amodioa eta sexua aitzakia gisa erabiltzen ditu Santiago Ortegak bakardadeari eta komunikazio faltari buruz hitz egiteko».