Coen anaien «Sang pour sang» lana moldatu du Zhang Yimou zuzendari txinatarrak
Joël eta Ethan Coen anaiek 1984an sortu zuten «Sang pour sang» film luzearen moldaketa egin du Zhang Yimouk. Gaur egungo hainbat elementu erantsi dizkio egile txinatarrak.
GARA | BEIJING
Hiru urteko geldialdiaren ondoren, Zhang Yimou zuzendari txinatarra lanera itzuli da «Une simple histoire des nouilles» komediaren sorkuntzarekin. Coen anaien filmaren berregituratze bat da, hain zuzen. Joël eta Ethan Coen anaiek 1984an sortutako «Sang pour sang» filmaren istorioa hartu du aintzat Yimouk bere estreinako komedian. Bertan, bikote baten istorioa kontatzen da; senarrak hiltzaile bat kontratatuko du emazteaz eta haren maitalea akabatzeko.
Jatorrizko gidoia aintzat hartu bai, baina kokapena aldatzea erabaki zuen zuzendariak. Oraingo honetan, istorioa Txinako mendebaldeko jatetxe batean kokatu du, Gansun, Inperioaren garaian.
Sorkuntza berria apaintze aldera, telebistako aktore komikoak baliatu ditu eta gaur egunera ekarri du kontakizuna; aktoreen arteko elkarrizketak Interneten erabili ohi diren esamoldeez hornitu ditu.
«Nire elementu propioak erantsi dizkiot remake honi. Coen anaiek filma ikusten badute, asko gustatuko zaie Zhan Yimouk beraiek egindako lana berrinterpretatzen egindakoa, jatorrizko lanarekiko guztiz desberdina da», esan zuen zuzendariak berak Beijingen egindako elkarrizketa batean. «Atzerriko zuzendari batek `Le sorgho rouge' moldatuko balu, emaitza ikusteko gogotsu egongo nintzateke, are gehiago euren artean zerikusirik ez duten elementuak txertatzen baditu», gaineratu zuen.
Harrera ona
Yimouren filmak Hesuipian izeneko zikloa ireki zuen joan den astean. Bertan, urte amaierako jaietarako egiten diren filmak erakusten dira urte txinatar berria hasten den arte, hau da, otsailaren erdialdera arte.
Oraingoz, «Une histoire simple de nouilles» lanak harrera ona izan du ikusle txinatarren artean, eta dagoeneko 100 yuan baino gehiagoko irabaziak (10 milioi euro) gainditu ditu lau egunetan.
Zhang Yimouk 2006an aurkeztu zuen bere azken lana zineman, «La Cité interdite» izenekoa.