Heineken Kopa
Biarritzek dena erabakita utzi behar du
J.L.
Heineken Kopan, Biarritzek hanka bat pasa jadanik final-laurdenetan du, baina oraindik matematikoki hori lortu gabe dauka. Gaur ilunabarrean, 20.00etatik aurrera, beste urrats bat eman lezake Newporten zelaian, Euskaldunek garaipena lortzen badute, jadanik bi hankak ere han izango baitituzte.
Multzoko bigarrenaren aurka jokatzen du gaur Jean Michel Gonzalezek zuzentzen duen taldeak. Bien arteko aldeak, ordea, handiak dira, izan ere, zuri-gorriek 14 puntu baitituzte, eta galestarrek, aldiz, 5 besterik ez.
Bi talde hauek joan den igandean neurtu ziren elkarren aurka Agilera estadioan, eta sekulako astindua eman zion Olympiquek. Beraz, gaurko partida irabazteko ere faborito nagusiak dira euskaldunak.
Azken bi urtetan kale egin dute, eta ezin izan dute final-laurdenetan sartu, baina aurtengoan ez dute hori alferrik galdu nahi. Helburua lortuta ere, komenigarria da ahalik eta puntu gehien batzea, horrek final-laurdenetako partida etxean jokatzeko aukera emango die. Izan ere, hurrengo fasetik aurrera, partida batean erabakitzen dira kanporaketak. Hori lortzen badu, erabakita dago, gainera, Anoetan izango dela. Zale lapurtarrez gain, gipuzkoarrei ere komeni zaie Biarritzek aurrera egitea, berriro ere goi mailako errugbia ikusteko parada izango bailukete. Hori apirileko lehen asteburuan izango litzateke, baina aurretik, martxoko azken asteburuan, Biarritzek Anoetan Ligako partida jokatuko du Stade Toulosainen aurka.
Gaurko neurketarako hamabostekoa erabakita dago, eta honako hau izango da: Brusque, Bolakoro, Hunt, Traille, Erinle, Peyrelongue, Yachvili, Barcella, Terrain, Jhonstone, Thion, Taele, Hall, Lund eta Vahafolau. August, Coetzee, Huges, Moala, Roidot, Courrent, Mignardi eta Trainer, berriz, aulkian geratuko dira aukera baten zain.