GARA > Idatzia > Kultura> Musika

Kontsumitzen gaitu

Ritxi AIZPURU | Musika argitaratzailea

Informazioaren askatasunean bizi garela azaldu eta saldu digute. Benetako informazioa, ordea, gizartearen jabeek dute eta «informazioaren militarizazioa» baino ez da. Birrintzeko armarik biribilena eraiki dute. Nahiz eta gerra birtuala baino ez izan, gerra lazgarriena da, haragia haragiaren kontra, birtualki eta benetan akabatzen gaituzte.

Gizartearen jabeek guztiz ezabatu dute elkarrizketaren ilusioa gure hizkuntzetatik. Eurek, gizartearen jabeek, hizkera bakarra dute. Dialektika oro gorroto dute. Hitz egin dezaketen bakarrak gizartearen jabeak dira. Gizakiarekin «lur errea» jokora «jolasten» dira. Zibilizazioak desegin, ideiak apurtu. Hitzak jan. Mundua irentsi. Gizartearen jabeak absolutuak dira, aurpegi atseginez absolutistak. Buruaren hitzak eta plazerak arrastoan sartzeko ordua ez da inoiz iritsiko.

Egunkariaren auziari probetxua atera beharko genioke batuko den jende uholdea mugimendu bilakatuz. Gizartearen jabeek euren legeari atxikirik, ordaindu egin beharko lukete euren justiziaren izenean egindako barrabaskeria. «Egunkaria»tik «Berria»ra jauzi eginez, izugarrizko tresna eta musika informazio ikusgarria eskaini digu Badok atariak. Badon, bai hor musika informazioa biltzeko lan eskerga. Hasi baino ez eta oraindik bide luzea egiteko. Musikari, musika kritikari, musikaren profesional eta egarri den zaleari eraikitako oasi birtual eta zinezkoa. Euskal musikaren kulturaren atari derrigorrezkoa. Dena den, ez luke datu xumeetan geratu behar eta oraindik badu analisi sakonetan sartzeko beta. Dena hasieratik hartu behar da berriro. Palindromoen palindromoa esaldi batek berak definitzen du: «In girum imus nocte et consumimur igni» (Gauean zirkuluan bueltaka gabiltza eta suak kontsumitzen gaitu).

Dirua, berez, ez da ezer, haren zirkulazioa da guztia. Hitzaren zirkulazioak bide bakarra du, beti bezala, gizartearen jabeen esku. Ahots kontsumitua da jabeen gizartea. Gizartearen jabeek sortzen duten ahotsa laprastada da, zaplastakoa. Beste gune askatuetan dabilkigu Durangoko Azokan zehar «Ahotsenea». Bestelakoen ahotsa, euskaradunen kontsumitu gabeko ahotsa. Talentuak bultzatzeko txokoa, Jauriaeneatik urrun. Ahotsenean euskararen kulturaren plangintza estrategikoetan sartu behar da, sortzaileek eurek, kudeatuta. Ahotseneak egin duen lanak ezin du «baina»rik pentsarazi, indartzea eta urteetan horrela segitzea da derrigorrezkoa. Sortzailea hartzaile izan dadin eta ez besteek kudeatutakoaren subjektu geldo eta pasiboa. Goiko Kulturak kontsumi gaitzake, ez, gaitu. Pertsona bakoitza izan dadila artista. Asperraldi patologikoa eskaintzen digun kulturari muzin eginda, beste ahots bat izango dugu eskuan; beno, mingainean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo