GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Nazioarteko lotsagabekeriak

Nazio Batuen ebazpen batek herrialde bat inbaditzeko balio izan du behin baino gehiagotan. Nazio Batuen ebazpenik gabe ere inbaditu izan dituzte hainbat herrialde. Hala ere, beste zenbait kasutan Nazio Batuen ebazpen bat bete ez izana ez da nahikoa izan herrialde bat inbaditzeko, ezta herrialde horrek egindako inbasioa geldiarazteko ere. Irak edo Afganistan inbaditu daitezke, inbaditu dituzte. Israel ez. Irak, suntsipen masiboko armak zituelakoan, gezurra zela jakinda. Afganistan, terrorismoa babesten zuelakoan. Israelek suntsipen masiboko armak ditu eta terrorismoa erabili eta erabiltzen du. Marokok 1991ean NBEk babestutako autodeterminazio erreferenduma adostu zuen Fronte Polisarioarekin, ondoren sahararrak etsiarazi nahi izan zituen luzamendutan eta orain ez dago prest autonomia eskaintzeko baino.

Mohamed du grazia, profetaren izena, eta ez da parte onekoa. Errege espainiarraren «anaia» baino Estatu Batuen lagunagoa. Horregatik, «Rabaten eta Madrilen arteko akordioak» Washingtonen sinatua ematen du. Eta, nolanahi ere, Mohamed VI.ak Aminatu Haidarren egoera konpontzeko amore eman izanak izango du bere ordaina. Akordioa baino lehen, eta talde sozialistak eskatuta, Europar Parlamentuak Haidarren egoera salatzeko agiria berretsi beharrean, bertan behera utzi zuen. Hura ez al zen lehenengo ordainketa izan? Eta Madril eta Parisen agiriek Saharako egoerari buruz diotena?

Aaiunen da Haidar. Hara bitartean hautsak harrotu ditu, Saharako basamortukoak ez ezik, mundu erdikoak ere bai. Beldurra zion Marokok, beldurra munduko nazio «zibilizatuek», Marokori Mendebaldeko Saharaz jabetzen laguntzen dioten horiek. Eta etxean nahiago dute. Emakume hori lehen albiste izan da munduan hilabetez, eta harekin batera Saharako egoera bidegabea, sahararren eskubideen urraketa ikaragarria. Bejondeiola. Baina Mohamed ez da fidatzekoa.

Herenegun NBEren Segurtasun Kontseilua Saharako auziari heltzeko bilerarik egingo zuen erabakitzekotan zen. Beharbada honezkero ez du eztabaidatu beharrik sumatzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo