Unai Larreategi eta Igone Lamarain Euskal Herrian Euskaraz-eko kideak
Euskaraz bizitzeko... «Egunkaria» libre!
Herri honen bizi nahiaren adierazpide dugu herri mugimendu antolatua. «Egunkaria»-ren kontrako erasoak, epaia edozein izanda ere, euskaraz bizi nahi duen herri osoa kriminalizatu du
Zazpi urte igaro dira, zazpi, euskararen kontrako, herri honen kontrako zentzugabeko erasotik. Zazpi urte Madrilgo justiziaren indarrek «Egunkaria» itxi eta haren ordezkariak atxilotu eta torturatu zituztenetik. Herri honen euskaraz bizitzeko nahia zen delitua, euskarazko egunkari bakarra aurrera zihoala ikustea zen euren arazoa. Eta horrela, gezurraren gainean eraiki zuten akusazio osoa.
Euskarazko egunkari bakarra itxita, hamaika adierazpen, hamaika mobilizazio, milaka lagun Euskal Herriko kaleetan, aldarri bakarra ordu gutxitan: «Egunkaria aurrera!» Donostiako olatua egun gutxira erasoaren kontra, euskaraz bizitzeko uholde-nahia.
Adierazpen askatasuna gainditu zuen, gainditzen du erasoak. 1990ean euskarazko Euskal Herriko egunkari bakarra sortu zuen herriak, herriarentzat. Herri euskalduna berreraikitzeko bidean ekarpen ikaragarria, euskararen egunkaria, euskararentzat, «Euskaldunon Egunkaria». Eta, hura itxiaraziz, herri hau menperatu nahi dutenek euren helburua lortzeko edozein bide erabiltzeko prest daudela erakutsi ziguten. Euskararen herria asimilatu nahi dute, mendeetako bidea egin dute horretarako. Euskara jarri zuten asimilazio prozesuaren jomugan, hizkuntza galtzen duenak nortasuna, izaera galtzen duelako, herria galbidean jartzen duelako. Horregatik, 2003ko otsailaren 20an espainiar Estatuak indarrez euskal hedabide bat ixtearekin batera, euskarari berari eta euskaraz bizi nahi duen herriari eraso zion, asimilazio prozesuan beste urrats bat egin zuen.
Herri honen bizi nahiaren adierazpide dugu herri mugimendu antolatua. «Egunkaria»-ren kontrako erasoak, epaia edozein izanda ere, euskaraz bizi nahi duen herri osoa kriminalizatu du. Auzolanez, militantziaz, kolektibitatean herria berreraikitzea bihurtu du delitu erasoak.
Eta hasi da epaiketa, eta laster helduko da orain zazpi urte hasitako prozesuaren amaiera. Euskara, euskal kulturgintza, herri mugimendua, herri euskalduna daude jomugan. Hala ere, herri honek badu bere epaia, euskaraz bizi nahi du. Horregatik sortu zuen «Egunkaria» herriak. Eta haren itxierak eragin zuen haserreak, euskaraz bizitzeko nahiarekin batera, Egunero egindako ekarpenarekin egunkari Berria sortu zuen denbora gutxira, herri ekimenez, herrigintzaz. Sor dezala orain Bilboko manifestazioak babes-olatua «Egunkaria»-rentzat zein auzipetuentzat eta euskaraz bizitzeko olatu-grina herrian.
Badakigu herri euskalduna berreraikitzeko gure esku dauden tresna guztiak erabili behar ditugula, baita behar ditugun tresna guztiak eskuratzeko baldintzak sortu ere. Aurrera urratsak eginez euskaraz biziko den herria irudikatu eta birsortu behar dugu. Bide eta zentzu honetan kokatu behar ditugu euskarazko hedabideak. Euskal hedabideak sortuz eta kontsumituz, euskarazko hedabideei lehentasuna emanez, euskaraz biziko den herriaren aldeko nahia handituko dugu, eta guztiok batera asimilazioaren aurreko harresian beste harri bat jartzea lortuko dugu.
Hau dela-eta behar dugu «Egunkaria» libre munduan, euskaldunok ere libre behar dugulako izan Euskal Herria berreraikitzeko. Eta, bitartean, euskara lehenetsi behar dugu esparru eta maila guztietan, gutako bakoitzak euskarari lehentasuna eman behar dio, baina osatzen dugun herriak ere, munduan libre bizi ahal izateko, herri egiten gaituen hizkuntzari eman behar dio lehentasuna.