GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora Euskal Herriko Lehen Mailako finala

Zaila izango da norbaitek Nazabali txapela kentzea

Etxarrikoa da garaipena erdiesteko faborito nagusia eta baita bakarra ere. Denek besteen gainetik ikusten dute, baita beste finalistek ere, eta badirudi bere bosgarren txapela janzteko aukera izango duela.

p045_f01jpg.jpg

Jon LEUNDA

Aizkorak urtean duen zitarik garrantzitsuenetakoa izango da bihar 12.30etik aurrera Arbizuko kiroldegian, bertan jokatuko baita Euskal Herriko Lehen Mailako finala. Azaroan Asteasun jokatu zen kanporaketako sei onenak arituko dira elkarren aurka, txapel preziatua janzteko asmoz.

Honako aizkolari hauek arituko dira lehian: Nazabal, Lopez, Azurmendi, Senosiain I.a, Otaegi eta Mujika. Aizkolari bakoitzak lau enbor kana-erdiko, beste horrenbeste 60 ontzako eta beste horrenbeste oinbiko erdibitu beharko ditu.

Floren Nazabal da, dudarik gabe, garaipena erdiesteko faborito nagusia eta bakarra. Denek besteen gainetik ikusten dute, baita aizkolariek ere, eta ezustekoren bat gertatu ezean, beretzat izango da aurtengo txapela. Lortuko balu, bere bosgarrena izango litzateke.

Juanjo Lopez ikusten dute adituek Nazabalen atzetik sailkatzeko aukerarik gehien duen aizkolaria. Nafarra oso maila onean dabil azkenaldian, eta saiatuko da igandean ere bide horri eusten.

Iñaki Azurmendik ere goian ibili behar du. Arriarangoak bigarren postu horren lehian behar du Lopezekin, eta gauzak ongi joaten baldin badira, horrela beharko luke izan.

Antonio Senosiain berriro ere final nagusian izango da. Olaguekoa aizkolari handia da, baina prestakuntzarekin nahiko motz ibili da azkenaldian, eta ez du bere mailarik eman. Azken boladan, ordea, badirudi nahiko ongi dagoela, eta horrela bada, ezusteren bat eman lezake, aizkolari bezala, egun dagoen onenetakoa baita, eta hori behin baino gehiagotan erakutsi du.

Jexuxmari Mujika da finalista berrietako bat, eta baita azkenaldian gora gehien egin duenetako bat ere. Orain dela bi urte Bigarren Mailako txapela jantzi zuen, eta iaz mailari eustea lortu zuen. Bigarren urtean, berriz, finalean izango da. Helburua beteta doa, galtzeko ezer ez duela, eta bere lehen helburua azkena ez geratzea izango da.

Joseba Otaegiren asmoa ere berdintsua izango da. Zizurkildarrak iaz lortu zuen Bigarren Mailako txapela, eta urtebeteren buruan finalean sartu da. Bera da finalistarik gazteena, eta zaleek itxaropen handia dute beragan. Honek ere helburua bete du, eta galtzeko ezer ez duela joango da Arbizura.

Gaztetxoak

Final hauek beti sortzen dute ikusmina, eta Arbizuko kiroldegiak sarrera bikaina izango du, beti ere eguraldiak laguntzen baldin badu, hori izan baitaiteke etziko final honen etsairik handiena. Zaleek, gainera, maila nagusiko aizkolariak ikusteaz gain, bertako gaztetxoek ere erakustaldi bat emango dute, eta haiek ere ikusi ahal izango dituzte. Aizkoran gazte eta gaztetxo asko dabil orain, eta horietako batzuk ikusteko modua izango da. Finala ikusteko 15 euro ordaindu beharko dira, baina maila honetako ekinaldi bat zuzenean jarraitzeko ez da asko, beraz, eta eguraldiak uzten badu behintzat, zaleek ez dute norgehiagoka hau bertatik bertara zuzenean jarraitzeko aitzakiarik izango.

 
Atutxak garaipenak pilatzen jarraitu behar du

Bihar Euskal Herriko maila nagusiko finala erabakiko den bitartean, gaur Bizkaiko Lehen Mailakoa erabakiko da Zeanurin 20.00etatik aurrera jokatuko den finalean. Bertan, Atutxa II.a, Mendieta, Zelai, Garitaonaindia eta Txikon lehiatuko dira. Aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko, bi 60 ontzako eta beste horrenbeste oinbiko erdibitu beharko ditu.

Euskal Herrikoan gertatzen den moduan, honek ere faborito bakarra dauka, izan ere, zaila izango da inork Atutxari txapela kentzea. Bera da egungo txapelduna, eta gauzak normal joanda, aurten ere horrela jarraituko du, nahiz eta bera finalistarik gazteena izan.J.L.

Berrikuntzak

Jexuxmari Mujika eta Joseba Otaegi izango dira final honetako berrikuntzak, lehen aldiz arituko baitira bi gipuzkoarrak. Lopez, Azurmendi eta Senosiain I.a ere bertan izango dira faboritoari gauzak estutzeko asmoz.

Ikusmin handia, Zumarragako gizon-probarako

Ikaragarrizko ikusmina piztu da bihar, 11.30etik aurrera, Zumarragako plazan jokatuko den gizon-proba txapelketarako. Zumarraga, Urretxu, Ezkio-Itsaso eta Legazpi neurtuko dira. Talde bakoitzean 12 lagun arituko dira, eta 20 minutuan 1.700 kiloko harria erabiliko dute.

Lana

Azken urteetako lan bera egin beharko dute bihar Arbizuko kiroldegian 12.30etik aurrera arituko diren kirolariak. Bakoitzak lau kana-erdiko, eta beste horrenbeste 60 ontzako eta oinbiko moztu beharko baititu.

300 eta 255 kilotako finalak, Arrigorriagan

Euskal Herriko Lauko Sokatira Txapelketan, 300 eta 255 kilotako finalak jokatuko dira bihar 12.00etatik aurrera Arrigorriagan. Mutilak, 300 kilotan arituko dira Amaiur eta Abadiño faborito direla, eta neskak, berriz, 255 kilokoan, Badaiotz faborito dela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo