GARA > Idatzia > Euskal Herria

CCOO eta EB ere izango dira gaur Bilbon «Egunkaria libre!» aldarrikatzen

«Egunkaria libre!» lelopean manifestazioa egingo dute gaur arratsaldean Bilbon bost auzipetuei elkartasuna adierazi eta auziaren kontra agertzeko. Alderdi abertzale guztiek, ge- hiengo sindikalak, EBk, Alternatibak eta CCOOk bertan izango direla esan dute.

p013_f02_199x116.jpg

Manex ALTUNA

Manifestazio jendetsua espero da gaur arratsaldean Bilbon «Euskaldunon Egunkaria»-ren alde. Batez ere, kontuan hartzen bada ekimenak jaso duen atxikimendu kopurua. Alderdi abertzale guztiek sostengua adierazi diote manifestazioari, gehiengo sindikalak ere eta atzo CCOO sindikatuak eta EBk ere ordezkaritza bat bidaliko dutela adierazi zuten.

Arratsaldeko bostetan abiatuko da mobilizazioa Bilboko Aita Donostia plazatik «Egunkaria libre» lelopean. Asteartean Madrilen abiatutako epaiketa salatuko dute eta, aldi berean, elkartasuna adieraziko diote auzipetu- ta dauden Martxelo Otamendi, Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi eta Xabier Oleagari.

Fiskaltzak epaiketa bertan behera uztea eskatu duen arren, AVT eta Dignidad y Justiciak bultzatuta epaiketa abiaraztea erabaki zuen Auzitegi Nazionalak eta auzipetuentzat 14 urtera arteko kartzela zigorrak eskatu dituzte ETAko kide izatea leporatuta.

ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE eta HIRUk osatzen duten gehiengo sindikalak parte hartzeko deialdia egin zuen ostegunean eta alderdi abertzale guztiek ordezkaritza bidaliko dutela agindu dute. EAJko buru Iñigo Urkulluk esaterako, Bilbon izango dela ziurtatu zuen eta EA, Aralar eta ezker abertzaleak ere babesa adierazi diote mobilizazioari. EBko kide ohi Oskar Matutek sortu berri duen Alternatiba alderdiaren ordezkaritza bat ere izango da manifestazioan, atzo adierazi zutenez. EBk eta CCOOk ere Bilboko kaleetan izango direla esan zuten. Beste hainbat eragilek ere Egunkariaren aldeko manifestazioan parte hartzeko deia luzatu dute, Amnistiaren aldeko mugimenduak esaterako.

Elkarretaratzea EITBn

«Egunkaria»-ren kontrako auziak sekulako elkartasun uholdea jaso du azken asteetan. Epaiketa hasi zen egunean Madrilen ikusi ahal izan zen bezala, hainbat eragile, norbanako eta alderdi politikotako ordezkariak izan baitziren.

Ostegun gauean Radio Euskadi-n egindako elkarrizketa batean, Lakuako Enplegu kontseilari Gemma Zabaletak ere sostengua adierazi zien auzipetuei «errugabeak» direla ziur dagoela esanez eta «absoluzioa» eskatuz. Gogoratu zuenez, 2003an itxiera salatzeko Donostian egin zen manifestazioan parte hartu zuen.

Atzo ere EITBko langileek eta beste hainbat komunikabidetako kazetariek elkarretaratzea egin zuten Bilboko egoitzaren aurrean. Otamendi eta Uriarekin batera, telebista eta irrati publikoko hainbat aurpegi ezagun batu ziren.

Besteak beste, bertan izan ziren Andoni Aizpuru, Txemi Galarraga, Aintzane Bolinaga, Jon Elortza, Aitzol Zubizarreta, Pedro Garcia Larragan, Joseba Arredondo, Amaia Urkia eta Irantzu Mentxaka. Bizkaia Irratiko Dorleta Alberdi eta Hamaika Telebistako Amaia Nerekan eta Naroa Iturrik ere parte hartu zuten elkarretaratzean. Euskaltzaindiako eta EITBko Kontseiluko kide Jose Luis Lizundiak ere bere elkartasuna adierazi nahi izan zien auzipetuei.

Guztien izenean Andoni Aizpuru EITBko aurkezleak hartu zuen hitza eta elkarretaratzea «Egunkaria» auziak eragindako «bidegabekeria» salatzeko burutu zutela azaldu zuen.

«Aste honetan Madrilen izan dira hemen ditugun Iñaki Uria eta Martxelo Otamendi beste hiru auzipetuekin batera. Bisita hura inoiz ez zen gertatu behar eta espero dezagun urtarrilean epaiketak jarraitzen duenean ahalik eta bisita gutxien egitea. Hemendik eskatzen duguna da `Egunkaria' libre eta errugabe Euskal Herrira itzultzea», esan zuen Aizpuruk.

Aldi berean, gaur arratsaldean egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin zuen umore ukitu bat emanez: «Eguraldi gizona naizen aldetik, psikosi pixka bat sortu dugu aste honetan. Elurra eta hotza egingo du, baina jendea lasai etor dadila bufanda eta abarrekin. Jende asko biltzen bagara, ziur asko Madrilen begira egongo dira eta ia lortzen dugun atentzioa jarri eta presio gehiago egitea».

PATXI LOPEZ

Gazte Abertzaleak EAren gazte erakundeak Patxi Lopez lehendakaria «Egunkaria» auziaren inguruan «mutu» egon dela salatu zuen.

ERRUGABEAK

Lakuako Enplegu kontseilari Gemma Zabaletak bost auzipetuak «errugabeak» direla eta guztien «absoluzioa» espero duela esan zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo