GARA > Idatzia > Mundua

Elurrak eta izotzak arazo larriak eragin dituzte Europako garraio sarean

Europako herrialde ugaritako garraiobideak izoztuta daude. Paris, Londres, Brusela eta Bukaresteko aireportuetan, adibidez, hegaldiak bertan behera utzi behar izan zituzten atzo. Kotxez mugitzea ere ez zen erraza izan, izan ere, errepide ugari itxita zeuden.

p023_f02_148x108.jpg

GARA

Elurteak arazo larriak sortu zituen errepideetan eta aireportuetan atzo Estatu frantsesean, Ingalaterran eta Belgikan, eta ehunka bidaiari kaltetu zituen horrek.

Ostegun gauean hegazkina ezin hartu eta hoteletan logela topatu ezinik, ehunka bidaiarik Pariseko Roissy-Charles-de-Gaulle aireportuan pasa behar izan zuten gaua, terminaletako zoruan lo eginez.

Ostegun gauean lau hegazkin geratu ziren aireratu gabe Roissyn. «Koltxoiak, mantak eta janaria banatu genuen eta tabernak gau osoan egon ziren zabalik», azaldu zuen Parisko Aireportuak erakundeko eledun batek.

Atzo, berriz, Roissyn aireratzen edo lurreratzen diren hegaldien %30 bertan behera utzi zituzten. Okzitaniako Tolosan elurrak eta izotzak zirkulazioa erabat geldiarazi zuten. Meteo-France erakundeak alerta laranja ezarri zuen Estatu frantseseko 54 departamendutan -orotara 96 daude-.

Ingalaterrako hego-ekialdean eta ipar-ekialdean ere arazo ugari eragin zituen elurrak. Esaterako, Lutongo aireportua (Londres iparraldean) itxi egin behar izan zuten. Horrez gain, Gatwicken (Londres hegoaldean) atzeratze luzeak izan ziren egun osoan.

Ehunka gidarik euren ibilgailuan igaro behar izan zuten ostegunetik ostiralerako gaua Kenteko (Ingalaterrako hego-ekialdean) eta Suffolkeko (hegoaldea) autobideetan. Essexeko (hegoaldea) Poliziaren arabera, 180 auto-istripu izan ziren eta ehunka eskola itxi zituzten Ingalaterrako hegoaldean.

Eguraldiaren iragarpenen arabera, Ingalaterrako hegoaldean 20 zentimetroko elur pilaketak izango dira.

Belgikan, arazo handiak izan ziren Bruselako aireportuan, ehun hegaldi inguru bertan behera geratu baitziren.

Kotxez ibiltzea ez zen ere erraza Belgikan, ostegun gauean ehunka kilometroko auto ilarak izan baitziren, batez ere Brusela inguruan.

Errumanian ere arazo ugari eragin zituen elurrak Bukaresteko nazioarteko aireportuan eta elektrizitate-etenaldiak izan ziren herrialdeko honetako hainbat herritan.

Grezian, ordea, euri jasek eragindako luiziek sortu zuten arazoa, herrialde honetako errepide nagusia, iparraldeko Salonika eta hegoaldeko Atenas lotzen dituena, moztu zutelako. Hainbat aste beharko dituzte berriro ere bidea zabaltzeko.

polonia

Bost pertsona hil ziren atzo Polonian hotzaren ondorioz, tenperatura zero azpitik 11 gradura heldu baitzen hainbat tokitan. Udazkena nahiko epela izan da eta elurra ezustekoan iritsi da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo