Herria Abian!-en mobilizazioekin bat egin dute eragile ugarik
Herri honek behar duen aldaketa soziala aldarrikatuko du gaur Herria Abian!-ek. Plataforma honek deitutako mobilizazioekin bat egin dute hainbat gizarte eragilek, hala nola Anitzak ekimenak, Eguzki-k, EHNEk, HIRUk, Elkartzen-ek eta gazte mugimenduak. Krisia eragin duen eredua irauli eta bestelako eredu ekonomiko eta sozial baten aldeko aldarria zabalduko dute.GARA |
Herria Abian! herri plataformak bestelako eredu ekonomiko eta sozial baten alde egiteko mobilizazioak deitu ditu gaur eguerdian Bilbon, Donostian, Gasteizen, Iruñean eta Zornotzan, eta deialdiak hainbat eragileren babesa jaso du azken egunetan. Besteren artean, Anitzak ekimenak, Eguzki-k, EHNEk, HIRUk, gazte mugimenduko kideek eta Elkartzen-ek bat egin dute aldaketa soziala aldarrikatzen duen hitzordu honekin.
Etorkinen eskubideak defendatzen dituen Anitzak-ek, «kapitalismo neoliberalari aurre egingo dion» beste eredu baten alde Herria Abian!-ek egiten dituen «aldarrikapen guztiak» bere egiten dituela nabarmendu du prentsa ohar batetan, eta herri plataformak egiten dituen proposamenak «sistema kapitalistak sortu duen krisialdia gainditzeko ezinbesteko neurriak» direla adierazi du. Horregatik guztiagatik, Euskal Herrian bizi diren pertsona migranteek mobilizazioetan parte hartuko dutela iragarri du.
EHNEk bestalde, idazki batean nabarmendu du baserri mundua krisian baino, «ia desagertzerainoko» puntura eraman dutela nekazaritza politikek, eta egoera horri aurre egiteko «gure gizartearen eredu sozio-ekonomikoa aldatzearen aldeko mobilizazioetan» parte hartzera deitzen du. «Guk, baserritarrok, gure txikitasunean, gure langile herri txiki hau elikatu nahi dugulako, munduko gainontzeko baserritar eta langileekin solidario izan nahi dugulako, gure herria abian jartzeko mobilizazioetarako deia luzatzen dugu».
HIRUko idazkari nagusi Patxi Agirrek uste du egun bizi dugun krisiak «zerbait erakutsi baldin badu, sistema ekonomiko eta sozial honen porrota» izan dela, eta horren aurrean bi aukera daudela nabarmendu du: «Funtzionatzen ez duen sistema hondotik ateratzea, hala nola konpontzea, eta aurrerantzean hobeto funtzionatuko duela espero izatea», edo sistema hori «behin betiko» desagerraraztea. Bere aburuz, langileriak aukera bakarra dauka, sistemaren iraultzaren aldeko aukera, alegia, «eredu neoliberal hau bultzatuz gero urteetan lortutako eskubideak pixkanaka-pixkanaka galduko baititugu eta elite finantzarioen eta ekonomikoen irabaziak elikatzeko etengabe lan egiten jarraituko dugu».
Horrenbestez, gaurko mobilizazioetan parte hartzera dei egin du, ekimenarekin bat egin duten gainerako talde eta antolakundeek bezala.
12.00etan izango dira, Bilbon (Plaza Borobila), Gasteizen (Posta Plaza), Iruñean (CEN) eta Zornotzan (Erreferendum Plaza), eta 12.30ean Donostian (Boulevarda).