GARA > Idatzia > Kirolak> Real Unión

Ikatza, hotzari aurre egiteko sutarako besterik ez

Iruindarrak etxetik kanpo daramaten bolada atzean uzten saiatuko dira mailako talde indartsuenetakoaren aurka. Gabonak jaitsieratik kanpo pasa ditzakete.

p039_f01.jpg

 

NUMANTZIA-REAL UNIÓN

GARA | IRUN

Gaur opari bat eskuratuz gero, baliteke Real Unionek ikatzik ez jasotzea Gabonetan. Garaipen batek -gainerako emaitzek lagundu behar badute ere- jaitsiera postuetatik atera ditzake iruindarrak, urte berrian nolabaiteko lasaitasunez sar daitezen. Ikatza hotzari aurre egiteko sua pizteko besterik ez dute nahi zuri-beltzek.

Eta hotza izan izango dute gaurkoan. Los Pajaritosen, izan ere, hamar zentimetroko elur geruza zegoen atzo arratsaldean. Orduak pasa ahala tenperaturak behera egingo duela jakinda, zelaiaren arduradunek elurra azken unera arte ez kentzea erabaki dute, beheko belarra gaueko izoztetik babesteko helburuz.

Hotza ez da izango, hala ere, Real Unionen aurkari bakarra. Ez eta handiena ere. Iñaki Alonsoren jokalariek mailako talde indartsuenetakoa izango dute aurrean. Eta, neurketa are gehiago zailtzeko, behartuta dagoen taldea, gainera. Numantziak jaso dezakeen ikatza beste bilgarri batekin dator -igoeraren lehia-, baina emaitza antzekoa da: gorritxoek ere hiru puntuak behar dituzte urtea gehiegizko urduritasunik gabe amaitzeko.

Kezkak ere banatuta daude. Gonzalo Arkonadaren taldea kezkatuta dago jasotzen ari den gol kopuruarekin -23 gol 16 partidatan- eta Real Union, etxetik kanpo daraman ibilbide kaskarrarekin. Iruindarrak, izan ere, «amorratuta daude», Iñaki Alonsoren esanetan. Amorru hori ongi bideratuz, entrenatzaile bizkaitarrak «taldeak etxean egiten duen bezala lehiatzea» nahiko luke.

Hamaikakoari dagokionez, ateari dagokio zuri-beltzen berri nabarmenena, Otermin lehen aldiz egongo baita hasierako hamaikakoan, Jauregiren lesioaren ondorioz. Ustekaberik ez badago, bestetik, Iker Gabarainek beteko du Iñaki Descargak, zigortuta, utziko duen hutsunea.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo