Keinu faltsua mugimendu nabarmen bihurtuta
Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Arkaitz Rodriguez, Sonia Jacinto eta Miren Zabaleta atxilotu zituztenean, ezker abertzaleko politikari horiek esku artean ez zutela ezer garrantzizkorik esan zuen PSEko presidente Jesus Egigurenek, azken negoziazio prozesuan mintzakide izan zenak, eta horixe izan zen alderdiaren diskurtsoaren muina Madrilen eta Hego Euskal Herrian kontu horri dagokionez, alegia, ezker abertzaleak iragarritako ziklo berrirako jauzia gutxiestea. Azkenaldian, ordea, Egigurenek berak garrantzirik gabeko hartan «konpromiso zintzoa» ikusi du, eta bere alderdiko beste zenbait buruzagik ere euren ikuspuntua aldatu dute norabide berean. Atzo Patxi Lopez lehendakariaren txanda izan zen, irrati kate batean ezker abertzalearen baitan «mugimendu nabarmena» sumatu dutela esan zuenean. Mugimendu nabarmena sumatu dute, hartara, lehen keinu faltsu bat baino ikusten ez zuen iragarpenean.
Lopezen atzoko hitzek, haren alderdikideek azken asteotan esandakoek bezala, lehenago esandakoak faltsuak zirela utzi dute agerian eta, halaber, ezker abertzalea burutzen ari den eztabaida bultzatzen ari zirenen atxiloketa zuritzea zutela helburu, beharbada «mugimendu nabarmenak» eragiten dien beldurrak eraginda. Edo sinesgarria al da ondoren jakin dutela orduan ez zekitena?