Heineken Kopa
Izotza dela medio, Biarritzek gaur jokatuko du
Newporten zelaian ez zegoen jokatzerik, eta badaezpada Llanelin arituko dira 14.35etik aurrera.
Jon LEUNDA
Biarritzek atzo iluntzean Newporten zelaian jokatu beharreko partida atzeratu egin behar izan zuten. Gaur jokatuko da 14.35etik aurrera, baina ez Newporten zelaian Llanelin baizik, handik 100 kilometro ingurura.
Zelaian zegoen izotza izan zen horren erruduna. Eguerdi partean, epailea berdegunea ikustera joan zenean, ohartarazi zuen han jokatzea zaila zela, eta arratsalderako beste bisita bat egingo zuela iragarri zuen.
Newporteko zelaia zaintzen dutenak saiatu ziren dena egoera onean jartzen, baina eguraldiari ezin dio inork agindu, eta 18.30ean Alain Rolland, partidako epailea bere kideekin eta bi taldeetako kapitain, entrenatzaile eta agintariekin zelaia ikustera joan zenean berehala ikusi zuten han jokatzea ezinezkoa zela, eta partida bertan behera uztea erabaki zuten.
100 kilometrora
Gaurko eguraldi iragarpenak ez dira oso onak Newporten, eta berriro ere gauza bera ez gertatzeko, norgehiagoka Llanelira eramatea erabaki zuten. Partida leku berean mantentzeak arazoak sor zitzakeen, izan ere, egutegiak ez baitu datarik uzten, eta hori ekiditeko, eta segurtasun gehiago izateko, Newportik 100 kilometrora dagoen Llaneli herrira eramateko hautua egin zuten.
Epaileak hartutako erabakiarekin ados agertu ziren bi taldeak. «Eguerdian zelaia ikustera joan garenean konturatu gara izoztuta zegoela eta han jokatzea oso zaila zela. Alde batetik zaleek ez zutelako behar bezalako partidarik ikusiko, eta hori baino garrantzitsuagoa dena, jokalariek min hartzeko arriskua zegoelako. Epaileak arratsalderako beste tarte bat utzi du, baina eguraldiak ez du lagundu, eta garbi zegoen han jokatzea ezinezkoa zela. Neurketa bertan behera uzteko hautua egin dugu, eta badaezpada ere lekuz aldatzea pentsatu dugu, bihar Newporten zelaia okerrago egon daitekeelako, eta horregatik erabaki da Llanelira eramatea», esan zuen Jean Michel Gonzalezek, Biarrizko entrenatzaileak.
Hasiera batean atzerapen honek ez dio talde lapurtarrari eragozpenik sortzen, agian mesede eta guzti egin dio, Newportek ezingo baitu bere zaleen aurrean jokatu.
Alain Rolland epaileak goizean ohartarazi zuen han jokatzea zaila izango zela, eta arratsaldean berriro berdegunea ikusi ostean, partida atzeratzeko ados agertu ziren guztiak.