GARA > Idatzia > Kultura

EHUk Mikel Laboa omenduko du literatura, irudi eta musika sariketa baten bidez

Jose Luis Zumeta artista eta lagun zuenak propio sortutako obra baten bidez, EHUk «Mikel Laboari omenaldia» aurkeztu zuen atzo, musikari donostiarra eta bere obra gogoratzeko sortu ekimena.

GARA | LEIOA

Mikel Laboa (Donostia, 1934-2008) zenaren omenaldi gisa, eta bere heriotzaren lehen urteurrenean, Euskal Herriko Unibertsitateak «Mikel Laboari omenaldia» Saria antolatu berri du, irudi, musika eta literatura alorretan, atzo Jose Luis Zumeta margolariak egin ikonografia bat erabilita azaldu zuenez.

Sariketa ekitaldi egitarau zabalago baten barruan jasotzea aurreikusten du EHUk, datorren urtera begira, Mikel Laboa zena eta bere musika gogorarazteko.

Lehiaketak hiru atal artistiko jasotzen ditu, literatura, musika eta irudia, eta zenbait azpimultzo. Literaturari dagokionez, euskarak bere atala izango du eta gaztelerak berea, eta irudiari dagokionean ere, arte plastikoek beraien saria izango dute, marrazki, pintura edo eskultura dela ere, eta ikusentzunezkoek beraiena, izan argazki, bideo edo zinema. Musikan berriz atal bakarra izango da, eta bakarlari zein taldeek edozein estilotan parte hartu ahal izango dute bertan.

Gaiak Mikel Laboa eta bere obrarekin harremana gorde beharko du, zentsu zabal batean. Lehiaketa EHUko ikaslego osoari irekia dago -42.000 ikasle inguru- eta atal bakoitzak 1.500 ueroko saria du, eta eman gabe ere geldi daitezke epaimahaiak parte hartzaileen kalitateari urria eritziz gero. Sariak datorren urteko abenduaren 1ean Laboari burutuko zaion omenaldian banatuko dira, artista donostiarra hil zeneko bigarren urtemugan.

Zumetaren margolana

Jose Luis Zumetak, Laboaren disko gehienen azalak egiteaz arduratu zen artistak, bestalde, EHUak eskatuta margolan bat egin du sariketa iragartzeko sortua.

Sariketak iragartzeko egindako agertaldian, Mari Sol Bastida Laboaren alargunak, berrogei urtetan EHUko irakasle izandakoak, parte hartzera animatu zituen ikasleak, sariketak ahalik eta artelan gehien jaso ditzan.

Bere aldetik, Iñaki Goirizelaia unibertsitateko errektoreak, orain hamar urte Mikel Laboak -Ez Dok Hamairu taldeko beste kide batzuekin batera-, Euskal Herriko Unibertsitateko Urrezko Domina jaso zuela gogorarazi zuen, eta «gure garaiko euskal artean ezinbestekoa dugu Mikel Laboa» esan. Orain urte bete hil zen arren, «bere musika eta obra, aspalditik euskal estetikan eta gure identitatean txertatua dago», unibertsitateko errektorearen adierazi zuenez.

SARI BANAKETA

Ekitaldi zabal batzuen barruan, Mikel Laboa omendu eta bere izena daramaten sarien banaketa egingo du EHUk 2010eko abenduaren 1ean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo