GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Aramendi Kazetaria

Aldiberekoak eta berealdikoak

Sari, bozketa, inkesta eta abarren artean, Obama, «Afpak» deitu duen horretan aldibereko partida bat ez ezik, berealdiko partida duela jokoan ohartu ote den dudatan geratu naiz

Zaleen fedea ere itzaltzen ari zenean iritsi zaio, Zalditeriaren Zazpigarrena bailitzan, lehen lorpen ukigarria Obamari, hamaika hilabeteko ernarialdiaren ondoren: osasun aseguru sistema estatubatuarraren erreforma aurrerakoiak urrats erabakigarria eman du Eguberri bezperan Senatuan irabazitako bozketaren ondoren. Horrek berak, lehendakari beltza gogoan hartu beharreko lehendakarien artean kokatuko duela dio baten batek. Asko esatea izango da, larregi falta baitzaio oraindik sistema berria martxan ipini eta finantzatzeko. Baina, Gallupen eguneroko trackinga bezalako adierazleak aintzakotzat hartzen baditugu, bistan da gorako joera hartu duela Obamaren gizarte onespenak, udazken osoan %50en mugan -azpitik behin baino gehiagotan- dantzan ibili ondoren. Kopenhageko putzaren oihartzunak eta, agian, Bakearen Nobel saria jasotzean jaulkitako harengak on egin diote. Balio dutena balioko dute halako itaunketek, baina zer edo zer adierazten dute.

Hala ere, Kissingerrek duela hilabete bota zion eztenkada garratzari erantzuna ematea izan daiteke Obamaren benetako garaipen politikoa. «Aldibereko sei partidatan sarrerakoak egin dituen xake maisu handia gogorarazten dit; baina oraindik ez du amaitu partida bakarra ere, eta bat bederen burutzen ikusi nahi nuke», esan zion azeri (eta sarikide) zaharrak, mihi gaiztoz, haietako bakoitzak zein taulatan jokatzen duen gehiago zehaztu gabe. Estatubatuar pobreenen osasun zaintza bermatzeko partida amaitzear dago oraindik, noski, baina denek aitortzen dute «sarrerakoak» baino gehiago egin dituela Obamak jada, eta iraganeko edozein baino askoz aurrerago iritsi dela. Lehendakariaren «malgutasuna» eta «tinkotasuna» goraipatzen hasi denik ere bada, jakina.

Xake jokoarekiko adibideak iratzarrita-edo, ordea, joko horren sorlekua omen litzatekeenera begira geratu naiz ni azken egun hauetan. Eta, egia esan, nahiko arduratuta geratu ere bai, han gertatzen ari denarekin eta gure artean egin zaion jaramon eskasarekin. Hitz gutxitan laburtuta: abenduaren 16an, aho batez, Pakistango Epaitegi Gorenak konstituzioaren aurkakotzat jo zuen Berradiskidetze Nazionalerako Ordenantza (NRO). Eta bide batez indarrik gabe utzi zuen 2007an Musharrafek ezarritako lege hau... eta haren arabera zuritutako ustelkeria, hilketa, diru garbiketa eta terrorismo auzibide guztiak zabalik geratzen zirela ebatzi zuen. Ondorengo orduetan zertu zen lehen ondorio praktikoa: Txinara bidaia ofizialean abiatzera zihoan Defentsa ministroari aireportuko poliziek eragotzi egin zioten herrialdetik ateratzea. Barne ministroaren egoera ere antzekoa da, ehunka politikari eta goi funtzionarioren kasuan bezalaxe. Zardari lehendakariak, bere karguari zor zaion immunitatearen babesa du, dirauen bitartean; eta Gillani lehen ministroa ere auzipetuta egon liteke laster. Zonalde osoko anabasaren giltza denak, gero eta kontrolagaitzagoa dirudien nahasmenean aurrera egin du.

Sari, bozketa, inkesta eta abarren artean, Obama, «Afpak» deitu duen horretan aldibereko partida bat ez ezik, berealdiko partida duela jokoan ohartu ote den dudatan geratu naiz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo