Jose Antonio Aranaren herentzia, liburutegitik bibliotekara
2007ko irailaren 28an egin zuen Jose Antonio Arana euskaltzain emerituak urteetan etxean bildutako liburu mordoz osatutako bere liburutegi pertsonalaren dohaintza. Orain, Euskaltzaindiak opari hori katalogo batekin itzuli dio. Liburu batean bildu dituzte guztira 5.657 erreferentziaz osatutako lan honen xehetasunak. «Jose Antonio Aranaren Biblioteka» katalogoa PDF formatuan ere eskuragarri egongo da Euskaltzaindiaren webgunean.
Ane ARRUTI | BILBO
«Hainbat liburu edukitzeak problema asko sortzen ditu, espazioarena, noski. Lau gela nituen beterik nire neurri handiko etxebizitzan», argitu zuen atzo Jose Antonio Aranak Bilboko Plaza Barrian Euskaltzaindiak duen egoitzan egindako aurkezpenean. Badira bi urte pasatxo etxean ongi txukunduta zeukan liburutegi oparo hura Euskaltzaindiari eman ziola. Osasun arazoengatik etxez aldatu beharra izan zuenean, liburutegia seme-alaben artean zatitzea erabaki zuen. «Familiakoek ez zuten irtenbide hori onartu, liburutegiak osorik jarraitu behar zutela-eta. Zainduko zuen instituzio bati ematea erabaki genuen, ikertzaileentzat baliagarri izan zedin».
«Liburutegia eta ez biblioteka, nik bi terminoak bereizten ditut-eta», esan zuen 2007an dohaintza egitean. «`Biblioteka' publikoa da, Azkue Biblioteka adibidez, eta `liburutegia' partikularra. Kasu honetan nire liburutegia ekarri dut Azkue Bibliotekara».
Jose Antonio Arana Martixa Gernika-Lumon jaio zen 1931ko martxoaren 10ean. Zuzenbidean eta Ekonomian lizentziatua da eta 1978an Azkue Bibliotekako zuzendari izendatu zuten. 1979an euskaltzain urgazle aukeratu zuten eta 1988an, berriz, euskaltzain oso. 2006ko uztailaz geroztik, euskaltzain emeritua da.
Hamabost urte inguru zituenean sortu zitzaion Aranari liburuekiko estimua eta atzoko ekitaldian gogoan izan zituen zaletasun hori piztu ziotenak: «Andres Ibañez Arana Arteako seminarioan latineko irakasle izan nuena izan zen liburuekin apurtu ezinezko erakarria eman zidana. Berarekin batera sortu nuen seminarioaren biblioteka. Gero, denok ezagutu zenuten Andres Mañarikua Gasteizko seminarioan, hango biblioteka ederrean laguntzaile hautatu ninduena», gogoratu zuen.
Garai hartan, Erroma eta Greziako testuak itzultzen aritu zen Arana eta, atsedenaldietan, «Kixote, Unamuno eta Dante (gogoan ditudanak) irakurtzen nituen. Baina irakurri nuen gaztelaniarik ederrena, Fray Luis de Leon-en `Los nombres de Cristo' izan zen».
Euskarazkoekin lehenbizikoz
Gasteizko seminarioa 1947an utzi eta Muxikan egin zuen Aranak euskararekin topo. «Hiru liburu ditut gogoan: Aita Felix Bilbaoren `Ipuin barreka', Jose Bazterretxea Oskilasoren `Kurloiak', eta oparitu zidaten Olabideren `Itun berria'. Beraz, herriko euskara (Bilbao), euskara batu berezia (Oskilaso) eta nolabait esatearren, euskara asmatua (Olabide). Pilotan egiteko hiru hormako frontoia! Hor hasi nintzen euskal liburuak erosten eta nire liburutegia eratzen».
Milaka dira urte horietan guztietan Jose Antonio Aranak bildutako liburuak. Bildu bakarrik ez, berak ere argitaratu baititu zenbait: «Música Vasca» (1976), «Elai-Alai, Euskal Herriko lehen koreografia taldea» (1977), «Bernardo Gabiola» (1980), «Canciones de Navidad. Gabonetako kantak» (1981), «Resurreccion Maria de Azkue» (1983), «Eresoinka. Embajada Cultural Vasca 1927-1939» (1986), «Basque Music» (1985), «Gernikako Andra Maria Eliza» (1988) eta «Bibliografía Bonapartiana» (1991), besteak beste.
Orain, liburutegiko liburu guztiak 5.657 erreferentzia biltzen dituen katalogo batean aurki daitezke. Horietatik 256 dira Aranaren egiletza edo lankidetza dutenak eta euskaraz daudenak, berriz, 2.183, hau da, herena baino gehixeago.
Behin liburua argitaratuta, dagokion PDF-a Euskaltzaindiaren webgunean jarriko da. Bertan da Azkue Bibliotekaren katalogo osoa ere.