GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Maider Carrere Souto Gazte Abertzaleetako idazkari nagusia

Desobedientzia zibilerantz urrats berri bat

Geure Euskal Herria estatu bihurtzeko bidea oraindik malkartsua dela jakitun naiz; inork ez zuen esan independentzia lortzeko bidea erraza izango zenik

Handienak txikiena oinperatzeko probokazio egoera larria bizi dugu urritik, batez ere jakinda edozein mugimendu eginda ere, indar gehien duena partida honetan irabazteko aukera gehien dituena izango dela, gure askatasuna eta egoera erabat zapalduz eta txikituz.

Urteak pasatu dira Estatuak bere esku maila desberdinetan dituen mekanismo guztiak martxan jartzea erabaki zuela, gustuko ez dituen edota traba egiten dioten elementuak erabat lurperatzeko, ezberdin pentsatzen duenari ahoa ixteko edota beste materietan bere atzera-egiteak justifikatzeko. Ze esparrutan koka ditzakegu urritik aurrera izandako atxiloketak? Ze egoerak justifika dezake Madrilen antolatu behar zen «Egunkaria»ren aldeko manifestaldia bertan behera uzteko?

Erabat kezkagarria iruditzen zait egoera. Piratak Ajuria Eneara iritsi direnetik herri honetan gertatzen ari direnak larriak dira. Justiziak herri honen beharrak ase ordez, askatasunaren erabateko murrizketa egin du, gure hitza eta nortasuna mapatik kentzeko prozesu guztiak irekiz, herri honetako senaren hil-kanpaiak jotzeko irrikitan. Baina jakin beharko lukete ere, amorruak eta isilarazte honek ez gaituela geldirik utziko, ezta herri honetan eta honekin batera eraikitzeko grina kenduko ere.

Gure kolektibitatearen aurkako mugimenduen adibideak mila dira justiziaren estutzearekin bat egiten dutenak: susmoa bakarrik sortzen ez duten talde berrien osaketen zapuztetik hedabide euskaldunen ixtera, guk, aberri bezala ditugun nortasun erroak ezabatu nahian.

Gazte bezala ezin diet arazo hauei muzin egin, ezta urrundu ere, egunero atalka bizitzen ari garen antzezlana baita. Iragan asteetan bizi izan ditugun atxiloketak eta «Egunkaria»ren auziaren kontrako manifestazioaren debekua Madrilen, azken egun hauetan jazo diren gertakariak izan dira. Ez dakit ze punturaino iritsi nahiko duen Estatuak, baina argi dago «Euskal Herriaren subiranotasunaren aldeko pausoak», «nazio eraikuntzan aurrerapenak» eta «adierazpen askatasunaren» suntsipena ditu helburu, aldarrikapen hauek Estatu gisa dituen interesekin ez baitatoz bat.

Zer egin dezakegu egoera honi buelta emateko? Nola gaindi ditzakegu herri bezala ditugun helburuak lortzeko aurrez aurre ditugun oztopoak? Geure Euskal Herria estatu bihurtzeko bidea oraindik malkartsua dela jakitun naiz; inork ez zuen esan independentzia lortzeko bidea erraza izango zenik. Horrelako prozesu bat aurrera ateratzeko estatu bakoitzak bete behar dituen baldintzak gaur egun urruti daude, baina oso argi dut biolentziatik erabat aldenduta dagoen demokraziaren benetako ezartzean duela urteak hasitako bidean jarraitu behar dugula. Eta demokrazia joko arauen barnean, Euskal Herriaren eta Estatuaren arteko norgehiagoka -baketsua eta zibila- beharrezkotzat jotzen bada, beldurrik gabe aurrera egiteko moduan egon beharko garela, alde bakoitzak bere gain hartuta prozesu honek dakarzkion kostuak.

Gure herrian nahiz inguruko Estatuetan dauden eragile sozio- politikoek borondate onez normalkuntza prozesu batera eramango gaituzten bideak jorratzen ez badituzte, desobedientzia zibilaren dinamika baketsuak hautatuko ditut nire posizioa aldarrikatzeko, aski baita herri honen oraina eta geroarekin jokatzeaz. Eta nire antzera, Gazte Abertzaleak taldea ere biolentziarik gabeko desobedientziaren alde agertuko da, eta herri honetako gazte askok hori izango dute bidea euren desadostasuna aldarrikatzeko.

Gure nortasuna ukatuz herri honen gainbehera bilatzen duten horiei, esan, erantzuteko gaitasun handiagoa izango dugula oztopo bakoitzaren aurrean. Eta ziur nago ahots bateratua izatea lortzen dugunean, ez dela prozesurik existituko gure borondate baketsua geldituko duenik. Hau dela eta, hitz gutxi hauekin biolentziarik gabeko aldarrikapen sutsuaren praktika hartzera animatzen du jende oro, desobedientzia zibilaren bidea gure helburuak lortzeko bide bakarra izango dugulako. Gure izatea legez kanpo utziko dute, baina inoiz ez dute gure ahotsa isilaraziko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo