GARA > Idatzia > Iritzia> Editoriala

Israelen jokabidearen lekuko deserosoa

Nazioarte mailan gero eta gutxiago dira Israelek dituen aliatuak. Eta aliatu direnentzat ere, AEBak kasu, gero eta nabarmenagoa da Estatu sionistari historikoki eman dioten baldintzarik gabeko babesa arazo bihurtu dela gaur egun. Jakina, «belatzek» ez dute aurreikusten babes hau etetea, Israel Mendebaldeko indar nagusiek eskualdean duten aliatu nagusia baita. Baina Gazako sarraskiaren lekukotasunek aztarna utzi dute nazioartean. Orain arteko babes itsua ezinegon bihurtu da eta politikari sionistak ere ezinegon hau sumatzen hasi dira. Hartara, hauetatik batzuek atzerrirako bidaiak eten behar izan dituzte, beste herrialde horietako herritarren salaketen ondorioz atxilotuko zituzten beldur. Nazioarteko komunitateak orain arte Israeli eskaini dion zigorgabetasuna aurkakotasun bihurtzea zaila izango da, interes handiak baitaude jokoan, baina politikoki zigorgabetasun hori isolamendu bilaka liteke. Hau da mundu osoan Israelen aurkako boikot kanpainaren zentzua.

Mordejai Vanunu israeldarra aitzindaria da bide honetan. Bera izan zen, 1986an, Israelek arma nuklearrak egiteko gaitasuna zuela salatu zuen lehendabiziko pertsona. Dimona zentral nuklearreko teknikari izanik, «Sunday Times» egunkariari egitate honen lekukotasuna eta frogak eman zizkion. Horregatik atxilotua eta kondenatua, 18 urte igaro zituen Israelgo kartzela batean, horietatik asko bakartuta. Traidoretzat dute han, baina Estatuak ez dio bertatik ateratzen uzten eta atzerritarrekin hitz egitea eta elkarrizketak ematea debekatu diote. Gogorrena zera da, ez dagoela Mendebaldean herritartasuna eman nahi dion estaturik.

Atzo Jerusalemen atxilotu zuten Vanunu, atzerritarrekin biltzea aitzakia hartuta. Estatuak inposatutako zentsurari muzin eginez GARAri eskaini zion elkarrizketan (2009-2-8) egindakoaz ez dela damutzen esan zuen. Argi dagoena da bera izan dela, ziur asko, auzi honetan zuzen jokatu duen bakarra. Nazioarteko komunitateak hark izan duen adorearen erdia erakutsi izan balu, Gazako sarraskia etengo zukeen, besteak beste. Vanunu bera da, tamalez, honen lekuko bizia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo