GARA > Idatzia > Euskal Herria

Auzitegi espainolean deklaratzeari uko egin diote Zarauzko bi gazteek

Presoen argazkiak agertzen zituen pankarta bat zeramatela-eta, «terrorismoa goratzea» egotzi zieten Zarauzko bi gazteri. Gaurko eguna jarria zuten Auzitegi Nazional espainolera deklaratzera joateko, baina atzo Zarautzen egindako agerraldian iragarri zutenez, ez dute hara joateko asmorik eta eguneroko bizimodua egiten jarraituko dute. Bestalde, presoei elkartasuna adierazten jarraituko dutela adierazi zuten eta lanean segitzeko deia luzatu zieten herritarrei.

p013_f01.jpg

GARA

«Ez dugu epaitegi horretan esateko ezer, ez eta entzuteko ezer ere. Zer esango dugu ba entzuten ez dakien epaitegian?». Hala iragarri zuten atzo Zarauzko bi gazteek gaur Auzitegi Nazional espainolean deklaratzeko aginduari uko egiteko erabakia.

Dozenaka herritarrek babestuta eskaini zuten agerraldia atzo arratsean Gorka Silvan eta Iñigo Ituarte gazteek euren egoeraren berri emateko. Hain justu ere, ustez presoen argazkiak zituen pankarta bat zeramatelako «terrorismoa goraipatzea» leporatu zieten biei eta gaur Auzitegi Nazionalera deklaratzera joateko agindua zuten.

Alabaina, auzitegi espainola eurak epaitzeko «inor» ez dela eta «zilegitasunik ez» duela-eta, ez dira bertaratuko. «Hori da sentitzen duguna eta sentimendu horrek eraman gaitu pentsatzen dugunarekin koherente izan eta erabaki hau hartzera», azaldu zuten gazteek. Hala, harrituta agertu ziren «nork eta frankismoaren oinordeko zuzena den salbuespeneko auzitegiak» herritarrei «terrorismoa goraipatzea» leporatzen dielako.

Lanean jarraituko dute

«Espetxeetan muturreko neurriak ezartzen ari diren heinean, kalean presoenganako elkartasuna gogotik egurtzen ari dira», salatu zuten. Gogora ekarri zituzten azken hilabeteotan bereziki areagotu diren mobilizazioen gaineko debekuak, presoen ongietorrietan izan diren istiluak, senide eta lagunek bisitan joaten direnean sufritzen duten «jazarpena» eta argazkien aurkako «gurutzada» bera. Presoen irudiak «ezabatzeko» nahiak bere baitan «helburu sakonak» dituela salatu zuten; «errealitate bat» ezkutatzearena, hain zuzen ere.

Hala ere, gazteek euskal preso politikoei euren elkartasuna adierazten jarraituko dutela adierazi zuten eta agerraldia bera aprobetxatu zuten herritarrei lanean jarraitzeko eskatzeko.

Horrela gogoan izan zituzten gaitz larriak izanda espetxean dirauten preso politikoak, biziarteko espetxe-zigorra dutenak, bai eta sakabanaketaren edo bakartze politikaren biktima direnak ere.

Era berean, gogor salatu zuten bere buruaz beste egiten saiatu zen Igor Gonzalez presoaren kasua, eta, kartzela zigorra betea izan arren, beste 10 urteko espetxealdia ezarri dioten Patxi Gomezen kasua.

«ez da nor»

Bi gazteen hitzetan, Auzitegi espainolak zilegitasunik ez duela- eta ez dira bertaratuko. «Sentitzen dugun horrek eraman gaitu erabaki hau hartzera».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo