GARA > Idatzia > Ekonomia

Gipuzkoan ostalaritzako jarduera %10 jaitsi da bere urte txarrenean

Gipuzkoako ostalaritzako enpresek inoizko urterik txarrena izan dutela adierazi dute, izan ere, negozioa %10 jaitsi da. Gainera, 2010eko hasieran egoerak okertzen jarraituko duela uste dute eta ekainera arte ez dela susperraldirik izango. Egoera larri honen aurrean Tabakoaren Aurkako Legeak jasotzen dituen isunak bertan behera uzteko eskatu dute.

GARA

Bihar bukatuko den urtea Gipuzkoako ostalaritza sektoreak bizitako txarrena izan da, negozioa 2008arekin alderatuta %8 eta %10 artean jaitsi da-eta, iazkoa ere urte txarra izan zelarik. Gainera, 2010eko lehenengo hiruhilekoan ez da susperraldirik espero. Gipuzkoa Ostalaritza erakundeko arduradunek atzo azaldu zutenez, jarduera are gehiago motelduko da, nahiz eta jaitsiera iazko lehenengo hiru hilabeteetan baino txikiagoa izango den. 2009a %21eko jaitsierarekin hasi zen lehenengo hiruhilekoan eta bigarrenekoa %17koa izan zela esan zuen erakundeko presidente Mikel Ubarretxenak.

Udaldiko hobekuntza txikia, -%3ko jaitsiera izan zen- iazko udaldia oso txarra izan zelako gertatu zela nabarmendu zuen.

Egoera larri hau behin-behineko langileek ordaindu dute batez ere. Izan ere, enpleguak iaz bezala jarraitu du, baina enpresek ez dute behin-behineko langilerik kontratatu ekainera arte, ohikoa Aste Santua pasa ondoren izaten den arren.

Ubarretxenaren hitzetan, 2010eko lehenengo hiruhilekoa 2009koa bezain txarra edo okerragoa izango da «dudarik gabe», baina ekainetik aurrera baliteke egoera hobetzea. Izan ere, Europako eta Amerikako gainerako herrialdeek krisia gainditzen duten neurrian turista gehiago iristea espero dute. Aldi berean, Estatu espainolean susperraldia geroago iritsiko denez, bertako turistak ez dira atzerrira joango eta hurbileko tokiak nahiago izango dituzte.

Tabakoaren Aurkako Legea

Egoera larria izanik, erakunde hau tabakoaren inguruko arautegi berriaren eta turismoa bultzatzeko laguntzak desagertzearen aurka agertu zen. Legearen zirriborroaren arabera, jabeek euren lokaletan erretzea baimentzen badute, isunak jaso ditzakete.

Kino Martinez Gipuzkoa Ostalaritzako idazkari nagusiak isun horiek indarrean ez jartzeko eskatu zuen. Halaber, 2005ean, Tabakoaren Legea ezarri zenean, erretzaile eta ez erretzaileen guneak banatzeko euren lokalak eraberritu zituztenentzako laguntzak eskatu zituen.

Bestalde, Lakuako Gobernuari sektorea bultzatzeko laguntzei eusteko eskatu zioten. Besteak beste, asteburuetako egonaldien %20 ordaintzeko laguntza.

Erakundeak azaldu zuenez, Gipuzkoan 16.576 pertsonak lan egiten du sektorean eta herrialdeko barne produktu gordinaren %5 ekartzen du.

susperraldia

Ostalaritza sektoreak ekainera arte ez du uste susperraldirik izango denik, izan ere, hil horretan iritsiko dira krisia atzean utzitako herrialdeetako turistak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo