Laura Mintegi idazlea
Euskaldunen DNA
Elkarrizketa luzean ari ginen, egunkari aleman baterako; hizketan pare bat ordu generamanean, paperean zituen galderei muzin egin, eta kazetari alemanak begien sakonera begiratuz galdera bota zidan: «Baina, zuek, zuek euskaldunak, zertan zarete ezberdinak? Zer duzue Europako beste edozein herrik ez duena?».
Egun hauetan gogora etorri zait orduan eman nion erantzuna, erantzun espontaneoa: «Badakigu bizirauten; kontrako haizetea datorrenean, baitara bildu eta, ekaitza pasatutakoan, burua agertzen dugu berriro; agintean edonor dagoela ere, guk badakigu aurretik bertan egon ginela, eta berton segituko dugula alde egiten dutenean. DNAn zizelkaturik dugu biziraupen-sena».
Ez dut esango, halere, eustea irabaztea denik. Eutsiz ez zara hilko, baina ez zara bizi. Maileguzko bizitza daramazu, zurea ez dena, aldi baterako bakarrik balio duena. Bizirautearen alde ona da bizirik egoteari eutsiko diozula. Alde txarra da ezin duzula bizi-proiekturik eraiki, den-dena airean duzulako: erabakitze ahalmena, geroko egitasmoak, plan berriak egiteko askatasuna.
Denbora ia infinitua da, eta pazientzia ezin da erlojuari begira egon, baina higadurak badu ordaina, eta hausnarketa zintzoa eginez gero, onartu behar dugu ekaitzaren ostean ez garela lehengoak. Bidean gelditu dira ilusioak, irriak, adiskideekiko bizipenak. Bizirik bai, baina nola!
Zazpi hilabete joan dira «aldaketa politikotik», eta «gutartasuna» bildurik dago haitzuloetan, eguzkiaren zain. Hibernazioa, baina, ez litzateke garai pasiboa izan behar. Bizia elikatu egin behar da, nola edo hala, garai berriak datozenean lehengo berak, edo indartsuagoak, izateko.