GARA > Idatzia > Kirolak

HOCKEY

Atletiko, Jolaseta eta Reala Euskal Herriko belar gaineko hockeya osasuntsu dagoela erakusten ari dira

Atletiko San Sebastian, Jolaseta eta Reala dira belar gaineko hockeyan Ohorezko Mailan ari diren hiru euskal taldeak. Lehen biak mutiletan ari dira, eta hirugarrena, berriz, nesketan. Azken hauek lan bikaina ari dira egiten, eta Ligako finalerdietan sartzeko aukera asko izango dituzte.

p046_f01.jpg

Jon LEUNDA

Amaitu da belar gaineko hockeyko Ligako lehen zatia, bai behintzat Ohorezko Mailan, bai gizonezkoetan, bai eta nesketan ere. Mutiletan Atletiko San Sebastian eta Jolaseta dira euskal ordezkariak, eta Reala, berriz, nesketan. Orain martxoaren 7ra arte atsedena izango dute, eta tarte horretan denboraldiko bigarren zatia prestatzeko moduan izango dira.

Mutiletan, aldaketak izan dira Ligako egituran. Orain arte multzo bakarrean jokatzen zen, baina aurten sei taldez osatutako bi multzo egin dituzte, eta liga hori amaitu da jadanik. Martxoan hasiko da bigarren fasea, beste ligaxka bat jokatuz.

Orain arte Atletiko San Sebastian eta Jolaseta multzo ezberdinetan egon dira, baina zoritxarrez bigarren zatian jaitsiera ekiditeko ligaxka jokatu beharko dute, eta biak batera, borroka horretan aritu beharko dira. Lehen fase honetan, A multzoan aritu da Jolaseta, eta ezin esan lan bikaina egin duenik, nahiz eta aurretik ere bazekien non ibili beharko zuten. Hamar partida jokatu ditu, eta horietatik zortzi galdu egin ditu eta bi berdindu. Irabazi berriz, bakar bat ere ez du irabazi, eta multzoko azkena izan da.

Donostiarrek lan hobea egin dute, nahiz eta bigarren fasea onenekin lehiatzeko asmo hori ezin izan duten bete. Laugarren amaitu dute lehen itzuli hau, hamar partidetatik hiru irabaziz, bat berdinduz, eta sei galduz. Azkenean gertu izan dute hirugarren postua, baina ezinezkoa izan dute, eta mailari eusteko borrokan aritu beharko dute jokalari gipuzkoarrek.

Martxoaren 7an hasiko da bigarren fasea, eta multzo bakoitzeko azken hiru sailkatuek osatuko dute jaitsierako multzoa, baina lehen fasean beren multzoan egon diren taldeen aurka ez dute jokatu beharrik izango, lehen faseko emaitzak eta puntuak balioko baitute. Beraz, beste multzoan egon diren taldeen aurka jokatuko dute soilik.

Atletiko eta Jolaseta multzo berean egon ez direnez, bigarren fase honetan elkarren aurka jokatu beharko dute, eta izango da derbia. Multzo honetako estreinako bi sailkatuek mailari eustea lortuko dute, eta azken laurek mailari eusteko kanporaketa jokatu beharko dute.

Hirugarren sailkatuak seigarrenaren aurka jokatu beharko du, eta laugarrenak, berriz, bosgarrenaren aurka. Kanporaketa hau galtzen duten bi taldeek maila galduko dute. Beraz, garbi dago hemendik aurrera zein izango den bi euskal taldeen asmoa, mailari eustea, eta, ahal bada, kanporaketa jokatu beharrik gabe.

Hor, dudarik gabe, donostiarrek askoz ere aukera gehiago dituzte, lehen faseko puntuak kontuan hartzen direlako, eta gauzak oso gaizki egin ezean, hori lortzeko moduan izango dira. Getxokoen kontuak bestelakoak dira, lan handia egiten badute ere, ez baitute erraza izango kanporaketarik jokatu gabe mailari eustea, baina saiatuko direla ohartarazi dute.

Emakumezkoetan bestelako kontuak dira, Reala bikain ari baita. Donostiarrak dira Liga honetan ari diren euskal ordezkari bakarrak, eta lehen itzuli bikaina osatu dute, izan ere, hirugarren daude. Bederatzi partida jokatu dituzte, eta hauetatik sei irabazi dituzte, bat galdu eta bi berdindu. Beraz, oso egoera onean daude.

Kopa jokatzeko helburua ia lortuta dute, eta orain Ligako finalerdietan sartzekoari eutsi nahi diete, eta hori lortzeko ere aukera bikaina izango dute. Reala talde garrantzitsua izan da emakumezkoen Ohorezko Mailan, baina azken urte hauetan distira apur bat galdu bazuen ere, berriro ere hori berreskuratzen ari da, eta aurtengoa urte bikaina izan daiteke. Gainerakoan, bai emakumezkoetan bai gizonezkoetan madrildarrak eta kataluniarrak dira nagusi. Nesketan, behintzat, euskal talde bat berriro ere beraiei aurre egiteko prest dago, eta hori berri ona da euskal hockeyarentzat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo