Joseba Felix Tobar-Arbulu Ingeniaria
Krisitik ateratzeko proposamen bat
Horra hor, bada, krisiaren kausa: arriskuak eta beraiei loturiko «subprime» kredituak eta espekulazioa. Hortaz, hona erremedioa: finantza-egitura berriek benetako egonkortasuna ekarri behar dute, ez espekulazioa, kredituak kontrolatuz; enplegu berria sortu eta soldata handiagoak erabiliz
Hipotesiak, eta hobe teoriak, errealitatearekin kontrastatu behar dira. Eginkizun horretarako, azter ditzagun Randall Wray ekonomialari amerikarrak egindako bi lan interesgarri, Hyman Minsky-ren aspaldiko analisi sakona erabiliz (Finantza Ez-egonkortasunezko Hipotesiak: www.levy.org/pubs/wp74.pdf).
Lehen lanean (www. levy.org/pubs/wp_578.pdf), finantza-krisi globalaren kausa jakitea da helburu, alegia, funtsezkoa da krisiaren jatorria aztertzea. Krisiaren kausa sakona ez dagokie orain dela gutxiko aldaketei, epealdi luzeko ekonomiaren aldaketari baizik. Hots, 1950ko hamarkadetan finantza-egitura sendoa bazen, krisiaren hasieran, 2007an, zegoena ahula zen erabat. Minsky gogoratu behar da («Egonkortasuna ez-egonkortasunean ari da»), zeren gaurko kapitalismo motak, diru-administratzaile kapitalismoak, mozkin maximoen bila aritutako diru-fondoek arriskuak azpibaloratzen baitituzte. Finantza-erakundeen erregulazio edota gainbegiratze gutxirekin diru-administratzaileek erreminta esoterikoak (deribatibak eta abar) prestatu dituzte, zeintzuk munduan zehar barreiatu diren. Diru-administratzaile horiek sortu dute krisia. Fondo horien kudeatzaileek jadanik existitzen diren aktiboen prezioak altxarazi dituzte etengabe, espekulaziorako asmoekin.
Horra hor, bada, krisiaren kausa: arriskuak eta beraiei loturiko subprime kredituak eta espekulazioa (www. levy.org/pubs/hili_94a.pdf eta http://www.levy.org/pubs /ppb_96.pdf). Hortaz, hona erremedioa: finantza-egitura berriek benetako egonkortasuna ekarri behar dute, ez espekulazioa, kredituak kontrolatuz; enplegu berria sortu eta soldata handiagoak erabiliz.
Bigarren lanean (www. levy.org/pubs/wp_580.pdf), analisi ortodoxoaren aurka eta krisitik irteteko AEBk zer egin beharko duten da azterkizun: finantza, aurrezkiak, defizita eta likidezia ditu aztergai Wray-ek. Ikuspuntu konbentzionalaren aurka, Wray-k honelako puntuak aipatzen ditu: (1) AEBek badute moneta subirano bat, gobernu subirano batek jaulkia eta truke-tasa flexible batekin aritzen dena; hortaz, (2) Gobernuak ez ditu kanpotik maileguak hartzen eta atzerritarrak ez dira dolarren iturria; alderantziz, (3) AEBetako kontu korrontearen defizitak dolarreko aurrezki netoa gainontzeko munduari hornitzen dio; halaber, (4) Gobernu federalaren aurrekontu defizitak ez-gobernuko sektoreari dolarreko aurrezki netoa; gainera, (5) aurrezkia ez da inoiz izan inolako finantza iturria; aitzitik, (6) mailegatze pribatuak banku gordailuak sortzen ditu gastua finantzatzeko, gastu horrek errenta sortzen duelarik; (7) errenta horren zati bat aurreztu daiteke; beraz, (8) aurrezteko erabakiak aktiboei eragin diezaieke.
Egun AEBek ez dute behar inolako «austeritate» politikarik. Barneko estrategia fiskalak piztu behar dira krisiari aurre egiteko eta gobernuaren parte hartzea benetan ekonomia egonkortzeko. Depresio Handian ez bezala, orain AEBek Gobernu «handia» daukate (AEBetako Altxor Publikoa, zeinaren gastua ekonomiaren bosten bat baino handiagoa den) eta banku «handi» bat (Fed delakoa).
Wray-ren ustez, susperraldiak bi bultzada garrantzitsu behar ditu: (a) kaudimenik gabeko finantza erakundeen konponbidea eta (b) pizgarri fiskalen politika sendo bat.
Kaudimen eza ez dagokio soilik subprime-ko mailegatzeari, baizik aparteko iruzur ikaragarriari. Hipotekaren unibertsoa 10x109 dolarrekoa da; aseguraturiko produktuak ere 10x109 dolarrekoak dira (hauetatik subprime-koak 2,5x109 dira; 5x109 beste hipotekei dagozkie (www.levy.org/pubs/wp_522.pdf). Bankuen galerak ez dagozkie soilik subprime-ko mailegatzeari. Galerak inolako baliorik inoiz eduki ez duten «aktiboei» zegozkien, fikziozko balioa zeukaten «aktiboei». Finantza erakunderik handienetako kontabilitatean zeuden «aktiboek» ez dute inoiz eduki ezelako baliorik, ezta edukiko ere. Erantzun bakarra erakunde horiek ixtea da, diru gordetzaileei ordaindu eta ondoriozko kalteari erantzuna eman (kasurako, pentsiodunekiko arazoei).
Pizgarri fiskalei dagokienez, hazkunde ekonomikoa Gobernuaren gastuak gidatu behar du. Azpiegiturak, teknologia berriak, hezkuntza, eta oro har, gizarte zerbitzuak (haur eta zaharrentzako zerbitzu sozialak, eta abar).
Gobernua azken enplegatzaile moduan arituz, hots, «employer of last resort» (www.cfeps. org/pubs/wp/wp9.html) izeneko programa erabiliz, Gobernuak berak behar diren enpleguak hornitu ditzake, behar diren errentak eta gastuak sortuz (www. ilo.org/public/english/employment/download/elm/elm07-5.pdf eta www.levy.org /pubs/wp_560. pdf), beheranzko espirala geldiarazteko. Gainera, programa hori etengabe martxan jarriz, krisia igaro ondoren, egonkortasunerako erabil dezake Gobernuak.
Hortaz, Minsky-ren ildotik abiatuz, Wray-ren analisiak gauden krisitik irteteko bide dotore bat ematen du, sozialki oso sakona eta erabat onuragarria dena. Eginkizuna egingarria da. Castillo Suarez poeta lagunak nahi duen bezala: «Jarrai dezagun pentsatzen dena dela eginkizun/ jarrai dezagun pentsatzen dena dela egingarri».