Pello Urzelai 2009/12/31
Betiko estrategia
berria
Abisua ez zen arratsalde bateko burutazioa, ongi pentsatutako zerbait baizik, Rubalcabak berak azaldu duenez. Abisua, baina, harrituta eta susmo txarrez hartu zuten, eta Barne Ministerioak azalpen gehiago eman beharra izan du. Espainiako gobernuburua ere saiatu da justifikatzen. Estrategia jakin bati lotutako agerraldia izan dela ziurtatu du. Ez du estrategiari buruzko argibiderik eman, baina ez du misterio handirik. Menpekotasun egoera aldatu nahi duten eragileak ahultzeko estrategia. Beldurra, debekua eta zigorra oinarri duen estrategia. Presoen bizi-baldintzak eta sakabanaketa salatu nahi duen manifestazioa debekatzen duen estrategia.
Izan ere, Rubalcabaren beldurrezko mezuaren atzetik betiko estrategia babesteko asmoa antzeman daiteke. Hau da, polizi operazio gehiago eta debeku gehiago indarrean jartzeko estalgarria izan liteke Rubalcabaren abisua. Badaezpadako beldurra, badaezpadako errepresioarekin jarraitzeko. Azken batean, egungo egoeraren parametroak alda ez daitezen.