GARA > Idatzia > Euskal Herria

Eztabaidak eztabaida, iragarpenarekin tematuta jarraitzen du Rubalcabak

Abenduaren amaieran ETAk ekintzaren bat egingo zuela hedabideen aurrean iragarri ondoren, atzo hipotesia berretsi zuen Rubalcaba Barne ministro espainolak. Egibarrek, bestalde, ekimen zehatzei ezezkoa ematen zaienean, horiek desagerrarazteko interesa dagoelako dela esan zuen.

p016_f02_111x111.jpg

GARA |

Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministro espainolak aurreko asteartean egindako adierazpenak berretsi zituen atzo. ETAk ekintzaren bat egingo zuela iragarri zuen orduan Erandion eginiko agerraldi batean. Bahiketaz hitz egin zuen, hain justu ere. Atzo hipotesi horri gehitzeko beste ezer ez duela argitu zuen.

Rubalcabak ez zuen gai horren gaineko azalpen sakonagorik eman nahi izan eta iragarpena egin ondoren «alerta terrorista» zergatik igo zen ere ez zuen azaldu. Onartu zuen, hala ere, iragarpen hura egiteak polemika ekarri duela; baina, nabarmendu zuenez, alor horretan ardurak dituzten guztien artean «ongi pentsatuta» hartutako erabakia izan zen hura. Horrela, iragarpena egiteko erabakia ez zela berea bakarrik izan azpimarratu nahi izan zuen ministroak.

Izan ere, albisteak ikusmin handia sortu zuen hedabideetan. Hainbat alderdi politikok zalantzan jarri zuten mezuaren «benetako helburua» eta «ezkutuko asmoak» zituela berretsi zuen batek baino gehiagok.

Tartean EAJ, EA, Aralar eta IU alderdiek Rubalcabak ezker abertzalearen mugimenduetan «muturra sartu» nahi duela salatu zuten.

Zenbait ekimeni «beti» ezezkoa emateak eta debekuak ezartzeak, ordea, helburua «arazo batzuek izan dezaketen irteera jakin bat oztopatzea» duela dirudi Joseba Egibar EAJko parlamentariaren ustez. Hala ere, Egibarren hitzetan, batzuentzat «ikuspegi demokratiko eta politikotik» emandako irteera dena, besteek nahiago dute ez «gertatzea», «dirudienez, parametro horiek ez dituztelako menderatzen». Bestalde, presoak ETAko kide aktibo gisa tratatzen direla-eta «politika antiterrorista» aplikatzen zaiela azaldu zuen Egibarrek; ondorioz «giza eskubideen urratze sistematikoa» gertatzen dela salatu zuen.

sistematikoki

Presoak ETAko kide aktibo balira bezala tratatzeak giza eskubideen «urratze sistematikoa» dakarrela salatu zuen atzo Joseba Egibar jeltzaleak.

Lege eta politika irizpideak bat ez datozela dio Garciak

Antonio Garciak, Magistratura Elkarte Profesionaleko bozeramaileak, presoen aldeko ekimenak debekatzean «lege irizpide zehatzak aukera edo errentagarritasun politikoarekin» bat ez doazela argitu zuen atzo.

Irrati publiko batean azaldu zuenez, «hobe litzateke» auzi askok epaitegietan amaituko ez balute, «politika arloari dagozkiolako». «Epaitegietara eramaten direnean pozoitu egiten dira, asko» zioen; izan ere, ikuspuntu judizial batetik erabakiak hartzeko erabiltzen diren irizpideek ez dute politika alorrekoekin «bat egiten». Epaileak soilik legeetan oinarritzen direla nabarmendu zuen.GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo