GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Egunkaria auzia» zalantzan jarri du APMko bozeramaileak

GARA |

Antonio Garcia, Magistraturako Elkarte Profesionaleko (APM) bozeramaileak «Egunkaria auzia»n egindako ebazpen guztiak irakurri ondoren, legelari gisa «bakar batek ere» ez duela «ase» utzi azaldu zuen atzo irrati publiko batean egindako elkarrizketan. «Ebazpen horietan erabilitako argudioek, zuzenbide ikuspegitik behintzat ez naute konbentzitu», azaldu zuen.

Urtarrilean berriz abiatuko den «Egunkaria auzia» «apartekoa» eta «berezia» dela aipatu zuen Garciak; ez soilik gizartearentzat «legelarientzat ere bai».

«Juridikoki okerra»

Era berean, auzi honetan hartu diren hainbat erabaki «juridikoki guztiz zuzenak» ez zaizkiola iruditu aitortu zuen. Horregatik, «Egunkaria»ren itxiera gisako erabakiak «askoz hobeto» pentsatu behar direla esan zuen.

Hala ere, ebazpen horiek «erabateko errespetuz» hartu behar dira Garciaren ustez, egin zituztenek horretarako ardura omen zutelako. «Niri ez zitzaizkidan gustatu eta ikusiko dugu zer gertatzen den auzi honekin», esan zuen. Gainera, instituzioen egitekoan konfiantza gehiago izan behar dela agertu zuen.

Kalte konponezinak

Legelarien elkarteko bozeramaileak «Egunkaria auzia»n konpontzen zailak diren elementuak daudela aitortu zuen. «Egunkaria» ixteko erabakia juridikoki «zuzena» ez dela erabakitzen bada, berriz, kalte horiek «konponezinak» izango dira.

Kasu hori gertatuko balitz, baina, legelariarentzat «alderdi ekonomikotik gutxienez» kalte horiek konpondu egin beharko lirateke.

Bestalde, «Egunkaria auzia»n fiskaltzak batere akusaziorik aurkeztu ez izanaren inguruan galdetu ondoren, Garciaren esanetan, fiskalak kasurik ez dagoela esateak «ez du ezer esan nahi». Hortaz, fiskalak irizpide batzuk izan arren, ez du esan nahi hori denik egokia legelariarentzat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo