Maite Ubiria Kazetaria
Ertzaintza eta mugaz gaindiko pertsonen aurkako ehiza
Eguberri biharamunean Patrick Peugeot, Cimade elkarteko lehendakaria, Hendaiako atxikitze zentroan azaldu zen. Atea, ordea, gakoturik zen. Lehen aldia da horrelako debekua gertatzen zaiola. Istilu isolatua al da edo jokabide berria iragartzen duen erabaki larri baten aitzinean gaude?
Lapurdi eta Gipuzkoa arteko mugatik gertu harrapatzen dituzten atzerritarrak Hendaiako komisariaren eremuan kokatzen den zentrora eramaten dituzte. Immigrazio politika gurpil zoroan murgiltzen da azkenaldian. Sarkozyk urtero 25.000 atzerritar kanporatzeko erronka finkatu zuenetik, pertsonen aurkako ehizaldi izugarria gauzatzen ari da Euskal Herrian.
Frantziako Gobernuak arau berria plantan jarriko du aurten. Izan ere, atxikitze zentroetan argi gehiago sartu beharrean, iluntasun esparru beldurgarriak sortzeko arrisku handia dago.
Urtarriletik landa, behatzaile ezeroso bilakatu den Cimade elkarteak oztopo gehiago izango ditu bere lana betetzeko. Gobernuak irekitasun itxura eman nahi dio aldaketari. Zentroetan elkarte berriak sartuko direla iragarri du. Helburua ez da, ordea, etorkinen eskubideak babesteko aukera berriak sortzea, baizik eta sarkozysmoaren logika kritikatu dutenak zigortzea.
Izan ere, Hendaiako zentroan egoerak ez luke gehiegi aldatu behar. Berez, Cimadek bertan jarraituko duen baieztapena jaso baitu. Gauzak horrela izanik, zergatik oztopatu du prefetak elkarteko lehendakariaren bisita?
Susmo txarrak badira. Kanporatzeen industria oso profitagarria izaki, ez litzateke harritzekoa izango, urte hondarrean, Gobernuak markatutako kuotak betetzeko Hendaiako zentroak «ahalegin bereziak» burutzea.
Azken urtetan hirukoiztu dira atxikitze zentroak Estatu frantziarrean. Hala eta guztiz ere, aitortu gabeko kartzela horiek maiz gainezka izaten direla salatu du Cimadek. Zer ezkutatu nahian dabiltza Hendaian? Noiztik bilakatu dira elkarteak eta herritarren defentsan jarduten duten militanteak etsai?
Zozoak ez garenez, inozente egunean sinaturiko akordioari usain txarra hartu diogu fite. Euskal herritarren aurkako ehizaldian aspaldi eskua sartu zuen Ertzaintzak laster, ofizialki, Lapurdin jardungo du. Sarkozyk antolatu safari lotsagarri batean laguntzera dator, alegia.