GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Bestelako egutegia nahi

Zorionak eta urte berri on!». Joan badoan urte zaharra eta etorri badatorren urte berria uztartzen diren honetan ahotik ahora eta iragarkirik iragarki dabilen leloa da hori. Garaiari dagokiona, udako hondartzari izozkia dagokion legetxe. Boxeolariek ere «urte berri on» opa omen diote elkarri ringeko olanaren gainean, bata bestearen masailezurra Amnesty International-en egutegiko hilabete bateko argazkia betetzeko bezain ikusgarri uzten saiatzen den bitartean; inguruan ikusleak txaloka dituela eta ETBko kamerak lekuko. «Urte berri on» ere opa omen diote elkarri, sortaldean zein sartaldean, ordu diferentzia baino ez, guda-zelaian elkarren aurka jo eta ke aritzen diren borrokalari sutsuek euren diseinuko armei laztantasunez gantza ematen dieten bitartean. «Urte berri on» opa omen ere torturatzaileak segundo batzuk beranduago kristorenak jasoko dituenari. «Urte berri on» opa omen ere medikuak gose greban segitu nahi izan arren indarrez elikatuko duenari, osasuna ulertu eta sentitzeko modu bakarra, are gutxiago ofiziala, ez dela jakitera iritsi gabe. Gauzak horrela zeinek sinistuko ote dit niri nik berari «urte berri ona» opa eginda? Joan berri den urte zaharra zertan ez den ona izan esan barik ez dago datorren berriari ona izatea exijitzerik. Azken batez, urteak berez ez dira ez onak eta ez txarrak ere, denboraren pasatzea baino ez dira; Eguzkiak, Lurrarekin adostua, ezarritako denbora epeak baino ez. Denbora horretan bizi garenok egiten dugu urtea on edo txar. Gainera, batzuentzat ona dena txarra da besteentzat, beraz ez dago «urte berri on modu» zabalean denoi opa egitea, demontre!

Egutegiak ditugu edonondik eskuragarri egunotan, 2010eko egunak, eta hileak, ordenan jasota. Ilargia noiz betea izango, eta noiz ilbehera; astroen konjuntzioak noiz gertatuko ere. Ederto. Baina ez dut egutegi politikorik ikusi: prozesuan nork konpromisoak beteko urtarrilean, zer adostuko otsailean, zer-nori-nork errekonozituko martxoan, nortzuk aterako maiatzean, nori-noiz-zer galdetuko... Hau bai egutegia, demontre! Euskal Herriko eragileen konjuntzioak agerian dituena. Ez orririk orri santutik santura doazen egutegi horiek. Ganorazko egutegia, jaiegunak ere ganorazkoak dituena, lanegunak legetxe. Ba horixe. Tira ba, urte osoa dugu azkenean esan dezagun: urte zahar on! egin dugula.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo