Top 14
Biarritzek eta Avironek puntu premia handia dute
Zuri-gorriek Montpellier hartuko dute Agileran 15.00etatik aurrera. Avironek ere etxean jokatuko du, 20.45etik aitzina Stade Toulosain taldearen aurka.
Jon LEUNDA
Berriro ere Liga jardunaldia izango dute Biarritzek eta Avironek, eta berriro ere etxean arituko dira. Oraingoan ere garaipena behar dute, beren helburuak lortzeko ahaleginean aurrera jarraitu nahi baldin badute.
Jokatzen lehena Biarritz izango da; 15.00etatik aitzina Montpellier hartuko du Agileran. Zuri-gorriek asteazkenean ez zuten hutsik egin, eta 23-6 menperatu zuten Bourgoin, 8.000 ikusleren aurrean, berriro ere bolada onera itzuli direla erakusteko. Izan ere, jokatu dituzten azken hiru partidak irabazi egin dituzte, nahiz eta aurreneko biak Heineken Kopakoak izan ziren. Hala ere, bi entsegu besterik ez zituzten egin, eta puntu gehigarririk gabe geratu behar izan zuten. Yachvili izan zen berriro ere protagonista bi zigor-kolpe eta bi transformazio gauzatuta, eta berri ona da hori, berriro ere mailarik onenean baita jaurtitzaile biarriztarra.
Gaurko partidarako, Ngwenya eta Bolakoro berreskuratuko ditu, baina asteazkenean min hartu zuen Lund ez da osatu, eta ezingo du gaur jokatu. Montpelier Biarritzen atzetik dago sailkapenean, eta gorako bidean batu beharreko lau puntu dira gaurkoak.
Avironena norgehiagoka zaila aurreikusten da, 20.45etik aurrera Stade Toulosain hartuko baitu Jean Dauguer zelaian. Lapurtarrek puntu bat besterik ez zuten batu asteazkenean Racing Metroren aurka, eta hori oso gutxi da. Horren ostean jaitsierako postuetan jarraitzen dute, nahiz eta partida bat gutxiago duten euskaldunek.
16.000 ikusle batu ziren asteazkenean Jean Dauguer estadioan Avironek Racing mendean hartuko zuen ustean, baina azkenean Parisekoek irabazi zuten 19-23. Euskaldunek entsegu bakarra gauzatu ahal izan zuten, eta Garcia izan zen baionarren protagonista nagusia, lau zigor-kolpe eta transformazio bat lortuta bera izan baitzen etxekoen puntu egile nagusia.
Gaur, ordea, etsai gogorra izango du, Tolosako taldea Liga irabazteko faborito nagusietakoa baita. Aurten ez dabil ongi, sailkapenean bosgarren dago, baina beraien asmoa ere hobetzen joatea da, Liga erregularra lehen bi postuetan amaitzeko erronka dutela iragarri baitute.
Horretarako, ordea, Baionan irabaztea ezinbestekoa dute, baina Avironi ere gauza bera gertatzen zaio, nahiz eta helburua ezberdina den; une honetan lapurtarren asmo bakarra mailari eustea baita.
Elhorga osatu da, eta berriro ere hamabostekoan izango da. Fallen kasua zailagoa da, izan ere, sudurra apurtuta du; oraindik ez dago erabat osatuta eta gaur jokatzea zail izango du.