GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Berezkoak remonte

Harizmendik eta Alfarok aurreikuspenak bete egin dituzte eta hurrengo kanporaketan izango dira

Jon LEUNDA

Ez zen ezusterik izan, eta Harizmendik eta Alfarok lortu zituzten atzo Lekornen Berezkoen Buruz Buruko hurrengo kanporaketan izateko txartelak.

Lehen partidan, Harizmendik ez zuen izan inongo arazorik Ezkurra I.a mendean hartu eta aurrera egiteko. Bera zen faboritoa, nahiz eta Urruñako aurrelari beteranoa aurrekanporaketa ongi irabazita heltzen zen, baina une honetan bi pilotari horien artean alde nabarmena ikusi zen atzo Lekornen.

Harizmendik, gainera, sakearekin min handia egin zuen, guztira 14 egin baitzituen, eta hori lortuta aurkariak ia ezinezkoa izaten du garaipena erdiestea eta atzo ere horrelaxe izan zen. Gainerakoan, norgehiagokak ez zuen kontatzeko gehiegi izan, piloteoan oso gutxi jokatu baitzuten.

Norgehiagokak 41 minutu iraun zituen eta markagailua honela joan zen: 0-4, 3-10, 4-15, 6-22, 12-31, 16-37 eta 17-30. Saketik 14 kintze egin zituen Harizmendik, eta bi besterik ez Ezkurrak. Jokoan, berriz, 21 kintze egin zituen Harizmendik, eta 9 Ezkurrak. Galdutakoak 6 izan zituen garaileak eta 5 galtzaileak.

Bigarren partida hobea izan zen, pilotakada gogorrak ikusi ahal izan ziren, baina hemen ere ez zen ezusterik izan, faboritoak, Alfarok, alegia, garaipena erdietsi baitzuen, Lanbert 40 eta 27 mendean hartuz.

Norgehiagoka honek bi zati ezberdin izan zituen. Lehenengoan norgehiagoka estua eta orekatua izan zen, berdinketa ugarirekin, baina bigarren zatian askoz ere freskoago ikusi zen faboritoa, eta horrek garaipena eman zion. Izan ere, 24-24 berdinduta egon ostean, 7-0ko partziala sartu zuen Alfarok, eta kanporaketa erabakita geratu zen, Lanbertek ezin izan baitzuen erreakzionatu.

Markagailua honela joan zen: 2-0, 3-3, 5-5, 6-6, 10-10, 11-11, 13-13, 17-17, 19-19, 20-20, 21-21, 23-23, 24-24, 31-24, 37-25 eta 40-27. 65 minutu iraun zituen partidak, eta botetik 9 kintze egin zituen Alfarok eta hiru gutxiago Lanbertek. Jokoan 22 tanto egin zituen Alfarok, eta 19 Lanbertek, eta galdu, berriz, 2 galdu zituen Alfarok, eta 9, berriz, galtzaileak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo