GARA > Idatzia > Iritzia> Gaurkoa

Iratxe Esnaola Informatika ingeniaria

Eskubideak

Hogei herrialdetako herritarrek egin duten manifestua du hizpide Iratxe Esnaolak gaurko artikuluan. «Berrikuntza, Sormena eta Jakintzaren sarbidearen aldeko gutuna» izenburupean, teknologia berrien arloan diren eta izan beharko luketen eskubideen gainean dihardu delako manifestuak. Esate baterako, azpiegitura teknologikoen sarbiderako eskubide unibertsala izan beharko genuke, hala nola pribatutasuna eta software librearen bermea, besteak beste.

Eskubideak omen ditugu. Eskubide partikular eta kolektiboak, oinarrizkoak eta ez hain oinarrizkoak. Eremu edota egoera batean zein bestean. Zenbait eskubide, gainera, unibertsalak omen dira. Baita teknologien arloan ere, non oraindik «eskubide teknologikoen» kontzeptua bera ere ez den erraz kokatzen. Eskubide teknologikoak bai, baina zeintzuk? Zeintzuk daude onartuak jada eta zeintzuk idatzi ere egin gabe? Zein eskubide izan beharko genituzke, egun ofizialki onartzen ez dizkiguten arren? Ildo horretan argi apur bat eskaintzera dator hogei herrialde ezberdinetako hainbat herritar, erabiltzaile, elkarte, artista, hacker, abokatu, irakasle, ikasle, ikerlari, langile, langabe, ekintzaile eta sortzaileren eskutik iritsi den manifestua: «Berrikuntza, Sormena eta Jakintzaren sarbidearen aldeko gutuna».

Sarearen neutraltasuna oinarri izanik, azpiegitura teknologikoen sarbiderako eskubide unibertsala izan beharko genuke. Internetek jakintza eta hezkuntza gerturatzen ditu. Internetek adierazpen askatasuna modu esanguratsuan areagotzen du. Eta noski, Interneteko konexiorako eskubidea ere izan beharko genuke, baina prezio eskuragarri batean.

Eskubidea izan beharko genuke gure Interneteko konexioarekin nahi ditugun edukiak bidali eta jasotzeko, aukeratzen ditugun zerbitzu eta aplikazioak erabiltzeko eta, baita ere, nahi dugun hardware eta softwarea konektatzeko, beti ere Internet bera kaltetu gabe.

Ildo horretan, neutraltasuna oinarri eta helburu, bazterketarik gabeko Internet behar dugu, edukien zirkulazioan eta zerbitzuen erabileran mugarik edota lehentasunik ezartzen ez duena.

Pribatutasunerako eskubidea ere izan beharko genuke. Interneten gaudenean, gure ordenagailua identifikatzeko IP helbide bat erabiltzen da (10.212.57.255 adibidez). IP helbide hori jakinda, ordenagailu horretatik egindako guztia kontrolatu daiteke. IP helbideak, beraz, datu pertsonalen tratamendua izan behar du. Eta datu pertsonala izanik, IP helbide horren gaineko kontrolak gure eskuetan egon beharko luke. Erabiltzaileok Internetera modu anonimoan konektatzeko eskubidea izan behar dugu. Internet bidezko gure komunikazioak inongo intertzeptaziorik gabe burutzeko eskubidea izan beharko genuke. Eta, beraz, IP helbidea erabilita Europan eta munduan planteatu diren edukien filtrazioak gure oinarrizko eskubideen kontrako mehatxu argitzat ulertu behar dira. Gure IP helbidearen bitartez, Interneten egiten duguna kontrolatu, epaitu eta zigortu nahi gaituzte. Hori da Europako Legebiltzarrean onartu den Telecom Paketearen definizio posibleetako bat.

Herritarren aukera askatasuna eta berdintasunerako eskubidea bermatzeko, ezinbestekoa da sektore publikoan, diru publikoz finantzatutako proiektuetan eta herritarren eskubideetan eragina duten eremuetan, software librea eta estandar irekiak erabiltzea.

Administrazio publikoan erabiltzen den softwareak, posible den guztietan, librea izan beharko luke. Eremu teknologikoan, software librea da herritar guztiok berdintasunean tratatzeko modu bakarra. Software libreak soilik bermatzen du diru publikoz funtzionatzen duen administrazio publiko orok gorde eta mantendu beharko lukeen independentzia teknologikoa. Administrazio publikoa, publikoa den heinean, ezin da enpresa zehatz bati lotu. Deialdi publikoetan enpresa konkretuen izenak azaltzea, gure eskubideen urraketaz harago, legez kanpoko ekintzatzat ulertu beharko genuke. Software librearen garapen ereduak independentzia hori bermatzen du eta administrazioaren betebeharra izan beharko luke.

Bestalde, estandar libreak bateragarritasun teknikoa lortzeko modua dira. Administrazio publikoak estandar libreak erabiliko balitu, herritar bakoitzak aukera-askatasunaren eskubidea praktikan jartzeko bidea izango luke. Estandar libreak erabiltzea da ezaugarri ezberdinetako tresna, software eta edukiek elkar ulertzeko modu bakarra. Eta, beraz, herritar guztiek, erabiltzen dituzten teknologiak direnak direla, administrazioarekin berdintasunean oinarritutako harreman teknologikoak izateko eskubidea bermatzen du. Are gehiago, administrazio publikoak gure historial klinikoaren biltegiratze elektronikoa, adibidez, estandar irekietan oinarrituta burutu beharko luke. Gure historial klinikoa ezin da formatu itxi batean gorde. Herritarren datuak orain eta gero erabiltzeko moduko formatuetan gorde beharko lituzkete.

Hori eta gehiago exijitu beharko genuke. «Berrikuntza, Sormena eta Jakintzaren sarbidearen aldeko gutuna»-k hori eta gehiago adierazten du. Hezkuntzaz hitz egiten du. Hezitzaileak hezteaz. Kultura librearen, partekatzearen eta software librearen filosofia barneratzeaz. Eta hurrengo belaunaldiei hori irakasteaz. Beraz, hezkuntza curriculumek teknologien erabilera arduratsua barnebildu beharko lukete. Oinarrizko eta Bigarren Hezkuntzan, gutxienez bi sistema eragile ezagutzea bermatu beharko litzateke. Eta bat irakastekotan, sistema-eragile librea. Eta, noski, etorkizuneko belaunaldiei segurtasun informatikoaren eta norberaren pribatutasuna mantentzearen garrantzia transmititu beharko litzaieke.

Horretaz guztiaz gain, arestian aipatu gutun edo manifestuak copyright-aren atzerakoikeriaz ere hitz egiten du. Eta sektore ezberdinen eraberritzeko beharraz. Inprentarekin sortu baitzen copyright-a, garai hartako funtzionamendurako, noski. Baina XVI. mendean sortu eta oraindik mantendu egiten da. Horren aurrean, diru-laguntza publikoz ekoiztutako guztiak jabego publikokoa izan beharko lukeela esaten du gutunak. Eta garatzen diren aplikazio informatikoek lizentzia librea izan behar dutela.

Eskubide teknologikoez hitz egiten du, beharbada, teknologia berriak ez baitira hain berriak jada. Gure egunerokotasunaren parte dira. Jakintza eta kultura sortu eta partekatzeko modua aldatu digute. Eta, batez ere, jakintza eta kulturaren gerturatzea ahalbidetzen dute. Zenbaitzuek iraultza teknologikoa inprentaren iraultzarekin alderatu dute.

Baina iraultza izan edo ez, eremu teknologikoa aurrez genituen eremuei gehitu zaie. Bat gehiago da, aurreko guztietan eragina duena. Inprenta asmatu eta mendeak behar izan ziren adierazpen askatasuna defendatzen hasteko. Hori horrela, «eskubide teknologikoak» defendatzeko eskatzeko goizegi da beharbada, baina teknologien eremuan ere eskubideak izan baditugula eta exijitu behar direla adierazteko inoiz ez da ez goiz ez berandu.

Bide horretan, «Berrikuntza, Sormena eta Jakintzaren sarbidearen aldeko gutuna»-k egun ofizialki onartuak ditugun eskubideak eta inoiz idatzi ez diren beste asko, guztiak batera erakusten dizkigu. Eskubide teknologikoen manifestua, hemen: http://fcforum.net/.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo