alpinismoa Tatras-Mera Peak
Bakarkakoari so norabidea galdu gabe
Dodo Kopold eslovakiarrak Tatras Garaian eginiko bidaia laburrean 4 bide eskalatu zituen; horietatik hiru bakarka. Jarduera guztiek maila tekniko ederra izan dute. Joe Simpson britainiarrak, berriz, bide berria zabaldu du Mera Peak-en (6.470 m, Himalaia).Andoni ARABAOLAZA
Bakarkako eskaladak ate joka ibili dira azkenaldion. Interesa pizten dutenetako bi dakarzkizuegu lerrootara. Protagonistak aski ezagunak dira: Dodo Kopold eta Joe Simpson. Bi belaunaldi ezberdin baina helburu berdin batekin.
Aukeratutako eszenatokietan ez dute bat egin. Kopold Tatras mendilerroan izan da; Simpson, aldiz, Himalaian. Txekiarra entrenatu egin omen zen; britainiarrak, berriz, mendiei agur esan omen zien.
Kopoldekin hasiko dugu kronika. Etxeko mendietan jardun du alpinista txekiarrak: Tatras Garaian. Polonia eta Eslovakiaren artean da mendilerroa, eta Kopold maiz ikus dezakete hango pareta gogorrenetan bereak eta bi egiten. Ez dira mendi garaiak, 3.000tik gora ez dira pasatzen, baina, neguan bederen, mendiok hortz zorrotzak erakusten dituzte. Hitz batean esanda, geure Pirinioak zein Europako Mendiak bezalakoak, baina «gogortasun» gehigarri batekin.
Protagonistak adierazi digun bezala, bidaia laburra izan zen: «Neure helburu nagusia Ganek izeneko murru erraldoiaren ipar aurpegian bide berria zabaltzea zen. Hots, Tatraseko hormarik tenteenean. Badago hemen oso esaera argigarria: «Ganekeko iparrean neguan eskalatu eta esango dizut zein den zeure maila». Bai, hemen eskalatzea oso gogorra eta arriskutsua da».
Hasteko, Kopoldek Andrej Soltys kidearekin 800 metroko eskalada 12 ordutan egin zuen. Guztira, lau bide ezberdin lotu zituzten. Ondoren, beste hiru bide bakarka sinatu zituen. «Diagonala» izenekoaren lehen bakarkako igoera, era askean eta azkarrean lortu zuen. Jarduera horretarako soilik bi ordu eta erdi behar izan zituen. Bide izoztu horretan 6b zailtasuneko tarteak gainditu behar izan zituen.
«Komikon» bidea ere bakarka igo zuen, eta, gainera, marra horri beste bat erantsi zion. Guztira, 6b arrokan eta M6 mistoan eskalatu zuen.
Eta bisitaldiarekin amaitzeko, alpinista txekiarrak bide berri bat zabaldu zuen: «Marra berri bat sortu nahi nuen, zaila eta bakarka. Material guztia bizkar-zakuan nuen, baina izotzetarako tramankuluak ahaztu nituen. Bost orduko hurbiltze bidea egin ondoren, paretaren sarreran nengoen. Hori bai, pioletik gabe. Jakin banekien horiek gabe ezin nuela ezer egin, bide osoak mistoa eta izotza zituelako. Urduri nengoen, baina bat-batean otu nintzen izotza birrintzeko gailu bat nuela. Hari zinta bat jarri eta piolet bat sortu nuen. Eskalada gogorra izan zen. Tarte gehienak tenteak ziren eta arroka izotz geruza fin batekin estalia zegoen. Oso gustura geratu nintzen. Oro har, pareta handi horietan eginiko eskalada horiek negurako entrenamendu egokiak izan dira».
Igo gabekoa
Joe Simpson britainiarrak, berriz, Nelpaleko seimilako bat aukeratu zuen: Meru Peak (6.470 m, Himalaya). Lesio batetik osatu eta, ia denbora galdu gabe, Mera Peak-en aurkeztu zen. Igo gabeko bide batetik bakarka jardun nahi zuen, eta, horretarako, mendiaren hego-mendebaldeko aurpegia aukeratu zuen. Ia 1.800 metroko bide berrirako bi egun eta erdiko jarduna behar izan zuen.
Alpinista britainarrak adierazi duenez, zabaldu duen marra arriskutsua da: «Lehen eguna nahiko lasaia izan zen. 5.150 metrora zailtasun txiki batzuk izan nituen arroka tarte bat gainditzeko. Bibaka 5.900 metroan antolatu nuen. Biharamunean, 75 metroko luze bat (IV-V) eskalatu ondoren, serac murru baten aurrean jarri nintzen. Hura zeharkatu eta korridore bat (55-60º) aurkitu nuen. Nahiko segurua zen. Bigarren bibaka 6.250 metrora egin nuen. Ezusteko handi bat izan nuen, nire albotik arroka zati handi bat pasa baitzen. Gailurrera iritsi baino lehen, harkaitzean berriro eskalatu nuen. Bideak, berez, ez du zailtasun tekniko handirik. Arriskua, berriz, bai; batez ere elur-jausiengatik».
Simpsonek zabaldutako bideari «In Memoriam» izena jarri dio. Britainiarrak 1986an mendiaren aurpegi berean lehen bidea igo zuten Mal Duff eta Ian Tattersall alpinistak gogoan izan ditu.