bloke Jarduera gogorrak
Balizko geldialdia boulderreko zailtasun gorenean?
Hainbat aztertzaileren arabera, blokeko muturreko jarduerek ez dute goranzko urratsik eman. Bitartean, Adam Ondrak, besteak beste, «Confessions» egin du; flash eran munduan egin den lehen 8b+ blokea.
Andoni ARABAOLAZA
Argi dago blokea urte osoan egin daitekeela. Baina, hotzaren agerraldiarekin batera sortzen diren baldintza egokiekin, lasai asko esan dezakegu denboraldia pil-pilean dela. Han eta hemen goi mailako jarduerak egiten ari diren bitartean, hainbat foro zein aztertzaile gai baten inguruan hausnartzen ari dira: muturreko zailtasunaren geldialdiaz.
Azterketa horiek kirol eskalada graduan izaten ari den goranzko bidearekin alderatzen ari dira. Blokeak goia jo omen duela diote. Hots, 8b+ gradua sendotu egin dela, baina hortik gorako blokeak basamortu batean direla.
Oro har, badirudi aipatutakoak norabide hori hartu duela. Egia da oso mugimendu gutxi, intentsoak eta fisikoak dituzten muturreko blokeen eboluzioa mantsotu egin dela. Eta argi omen dago eboluzio hori mugimendu askoko proposamenetan izango dela ere. Eskaladaren modalitate guztiek bezala, boulderrak ere bere bidea du eta behar du. Geldialdia izan daiteke, baina, espezialista gogorrenek dioten modura, krisirik ez.
Mugimendu oparoa
Bien bitartean, muturreko graduan dabiltzan eskalatzaileak gero eta jarduera interesgarriagoak egiten ari dira. Bai, mugimendua badago eta, gainera, bikaina.
Azkenaldiotan egin diren bloke esagunratsuenen protagonistetako bat Adam Ondra dugu. Suitza aldean izan da 5 eguneko bidaian, eta, beste behin, poltsikoratutakoek harrituta utzi gaituzte. Adibidez, Chironicon, 8b+ gradua duen «The Dagger» hirugarren saioan egin zuen. Dave Grahamen «The story of Two Worlds» ere probatu zuen, baina, mugimendu bategatik, ezin izan zuen sinatu. Berez, 8c/c+ zailtasuneko proposamen hori ez da errepikatu.
Agian, bidaiaren berri nagusia «Confessions» blokearekin iritsi zen. Duela lau urte Grahamek zabaldutakoa da, 8b+ gradua du eta soilik Nalle Hukkataival, Martin Keller, Daniel Woods eta Michele Caminati bezalako espezialisten errepikapenak ditu. Bada, Ondrak flash eran sinatu du. Hots, era horretan egin den munduko lehen 8b+ graduko blokea da. Hala ere, eskalatzaile txekiarrari ez zaio hain gogorra iruditu: «Flash eran 8b+ egitea oso berri ona da, baina ez zait iruditzen zailtasun hori duenik; besteak beste, «The Dagger» eta «La Proue» (8b) baino errazago igo nuelako. Hori bai, ez dut baieztatzen 8b+ ez denik».
Azkenik, Ondrak «Dreamtime» blokea lortu zuen. Helduleku bat hautsi ostean, 8b+ bezala geratu zen. 8c zenean, txekiarrak 4 ordutan egin zuen.
Txekiar gazteaz gain, beste batzuk ere fin ibili dira; guztiak ala guztiak 8b+ graduan. Paul Robinsonek «Lost in the Hood» blokearen (AEB) bigarren igoera sinatu du. Hukkataivalek, berriz, «Ninja Skills» blokearen lehena egin du eta 8b+ (Ticino) proposatu du. Eta Fontainebleaun, Sebastian Frigaultek «Gecko assis» blokea lortu du.
Txekiarrak flash eran munduan egin den lehen 8b+ sinatu du: «Confessions» (Cresciano). Halere, ez zitzaion hain gogorra iruditu.