Josebe Egia
Aurten, beti bezala
Urte berri batean sartzen garen bakoitzean, zenbaki-aldaketa soilagatik, aro berri batean sartuko garelako sentsazioa ere izan ohi dugu. Beti, urtero. Urte amaierako balantzeek eta egitate esanguratsuen bildumek, hala nola norberaren bizipenen eta lortu gabekoen errepasoak lehentasunen zerrenda aztertzera eta berriz antolatzera eramaten gaituzte. Gauzak aldatu egingo direlakoan, eta urte berriaren lehen egunetako euforiaz, asko aldatuko direlakoan, gainera.
Norberari dagokiona alde batera utzita eta denoi eta bakoitzari, gizartea deritzon horri, lotzen zaizkion gaiei erreparatuz gero, ordea, urte bukaeran ikusi direnak ikusita, ez dirudi gauzak gehiegi aldatzeko borondaterik egongo denik. Are gutxiago gutxiengoei, aldarrikatzaileei, zanpatuei eta, laburbilduz, gauzak ez daudela behar bezala uste eta esaten dugun guztioi dagokigunez.
Aldaketarik gabe, Eliza katolikoak eman du beste behin bere ikuspuntu eta iritzien berri. Hamaika gauza esan liteke; motzean, pertsonen eskubideei muzin egiten eta munduaren errealitatea bere erara transmititzen eta agintzen jarraituko duela agertu du; homosexualen ezkontzen kontra (homosexualen kontra, argi eta garbi), dibortzioaren kontra eta, jakina, haurdunaldia eteteko lege berriaren kontra, besteak beste. Lan handia izan du azken honekin bereziki, mota guztietako kanpaina eta mobilizazioak sustatuta. Azkena, zenbait egunkaritan argitaratu dituzten «2009an abortaturiko haurrak gogoratzeko» eskelak. Elizaren hipokrisia ez da urte berriarekin desagertuko, hor jarraituko du «familia tradizionalaren» izenean bestelako sentimendu eta bizimoduak ditugunon aurka tinko egiten.
Urtea amaitu aurretik, Amineturen kasuak nabarmen erakutsi du espainiar Gobernuak ere tinko jarraituko duela Sahararen aferan bere erantzukizuna ukatzen, herri sahararraren eskubideen alde egin beharrean, zapaldu eta ukatu egiten duen Gobernua babesten eta harekin harremanak estutzen, alegia. Euskal Herriarekiko ere argi dago Gobernuaren jarrera 2010erako, eta konponbideak bilatzetik oso urrun egongo da, botere, indar eta errepresio erakusketaren bidetik nekeza baita inolako aukerari bide ematea, odol eta gorroto gehiagori ez bada.
Botere eta erabaki esparruak betetzen dituztenen kontra, beraz, ezer gutxi aldatuko da 2010ean askatasunaren eta duintasunaren alde gaudenontzat. Askatasun eta duintasun horren baitan pertsonaren alderdi eta baldintza oro ulertzen ditugunontzat, behintzat. Denetan jarraituko dugu lanean, denetan dagoelako zer lortu eta zer hobetu, hasierako sentsazio iragankorra joanda badakigulako urte berriak ez dituela berez balio berriak finkatu eta aurreiritzi zaharrak erauziko, eskubideak bermatu edo justizia ekarriko.
Hori dugu geure indar eta balioa, ez garela gelditzen, ez garela konformatzen askatasun eta eskubide-papurrekin, eta benetan zaila eta neketsua jarrita ere, ekiten jarraitzen dugula, osoak eta denontzako nahi ditugulako. 2010erako jauzian, hortaz, mirakulurik espero gabe, beti bezala elkartzen, ekiten eta gauzak aldatzen segitu besterik ez dugu.