Barne eztabaiden ondoren, dokumentuak babesa duela esan du ezker abertzaleak
GARA |
Ezker Abertzaleak, «milaka eta milaka» lagunen ekarpenak jaso ondoren, azken hilabete hauetan egin duen barne eztabaida prozesuaren emaitza oso positibotzat jo du.
«Fase politikoaren eta estrategiaren argitzea» txostenaren edukiak Euskal Herriko hainbat herri eta auzotan egindako batzarretan eztabaidatu dituzte hilabete hauetan. Ezker abertzaleko ordezkariek jakinarazi zutenez, iritzi eta ekarpen «asko» jaso ziren eta «gehienek» txostenaren edukiekin bat egiten dute.
Ohar bidez jakinarazi zutenez, gainera, hemendik otsailera bitarte herrietan egingo diren eztabaida batzarretan ateratako ondorioen berri eman eta horien gainean hitz egingo da.
Ezker abertzaleak igorri dituen datu zehatzen arabera, oinarri izan duten txostena 254 herri eta auzotan egindako batzarretan eztabaidatu dute; eta guztira 6.467 lagunek hartu dute parte. Herrialdez herrialde, hain zuzen, Gipuzkoan 63 herritan jorratu dute txostena, guztira 2.333 pertsonaren artean; Nafarroan, berriz, 72 herritan 1.683 pertsonak hartu dute parte; Bizkaian 1.797 lagunek 80 herritan eta Araban 654ek 39 herritan.
Bestalde, hainbat eragile politiko zein komunikabidek «toxikazio eta manipulazioaren bidez» eztabaida «baldintzatzeko» eta «desbideratzeko» egin dituzten saiakerek ez dutela espero zuten eraginik izan azaldu zuten independentistek. Are gehiago, eztabaida honek zenbait alderdi politikorengan eragin duen «urduritasuna» agerikoa izan dela diote, Euskal Herrian ireki daitekeen agertoki politiko berriak sortzen duen urduritasuna hain zuzen.
Eztabaiden oinarri izan den 62 orrialdeko txosten hau urriaren 20an eman zuten ezagutzera. Hain justu ere, urrian Arnaldo Otegi eta beste bederatzi kide independentista atxilotu, eta handik egun gutxira ezagutu zen proposamena. Atxilotzeak izan eta hurrengo egunean, Batasunak berak Baionan argi utzi nahi izan zuen operazioak ez zuela euren proposamen politikoa geldiaraziko.
Idatzi horretan ezker abertzaleko zuzendaritzak «inolako indarkeria eta kanpoko esku sartzerik gabe» demokraziara eramango zuen prozesu baten aldeko apustua egitea proposatzen zuen.