PSEren hitzetan, EAJ ez dago euren aurka jotzeko behar adinako mailan
Herritarrak aurrekontuen edo proiektuen arabera bizi direla hobeto edo okerrago esan du Txarli Prietok; eta ez ETBn ikusten dituzten programen edo inkesten arabera. Bestalde, Iñigo Urkulluk adierazi du gizarteak Gobernuari buruz duen «iritzi txarra» ez dela krisiaren ondorio.
GARA |
Arabako PSEko idazkari nagusi Txarli Prietok EAJri «izen-ona zikindu» nahian aritzea egotzi zion atzo. Nahiz eta, bere hitzetan, EAJk ezin den lehiatu Gasteizko Gobernuarekin, ez «ekintza politikoen ikuspegitik behintzat». Hain justu ere, azpiegituren garapenean, aurrekontuen politikan, ekonomia suspertzeko planetan zein finantzazioak «hobetzeko» enpresari, sindikatu eta udaletxeekin Gobernua «lortzen» ari den akordioen maila EAJk ez duela eman gogorarazi zuen Prietok.
Iñigo Urkulluk, baina, egunkari batean egindako elkarrizketan adierazi zuenez, Euskobaromeroaren arabera gizarteak Lakuako Gobernuaren inguruan egiten duen «balorazio txarra» ez da krisi ekonomikoaren ondorio rio. Hain zuzen ere, gizarteak duen «iritzi txarra» PSEk gidatu duen aldaketa instituzionala gizarteak «inondik ere» onartzen ez duelako da EBBko lehendakariaren arabera.
Audientziekin tematua
Gauzak horrela, EAJ «argazkiekin», Euskobarometroarekin eta telebistako audientziekin tematuta dagoela adierazi zuen Prietok; alabaina, «herritarrak telebistan ikusten dituzten programekin edo inkestetako erantzunekin ez dira hobeto bizi», idazkari nagusiaren hitzetan.
«Gizartea hobeto edo okerrago aurrekontuen arabera bizi da, proiektuen arabera, lehiakortasuna eta komunikazioa errazten dieten azpiegituren arabera». Nahiz eta azken hiru urteotan aurrekontuak PSEk eta EAJk adostuak izan, orain, alor horretan «eman daitekeen onena» ematen ari direla azaldu zuen idazkari nagusiak.
Era berean, Prietok baieztatu zuenez, oraingo Gobernua bere lana «Ibarretxek gidatu dituen legealdi guztietan baino askoz ere hobeto egiten ari da».
Beste aldean, EBBko buruak EAJk azken hilabeteotan proposamenak egiteko gaitasuna erakutsi duela azaldu zuen eta horrek «lider» izaten jarraitzen dutela erakusten duela. Hori dela eta, EAJ ezin daitekeela oposizioko alderdi «soiltzat» hartu adierazi zuen Urkulluk, Gobernua gertutik «zaintzeaz» gain, ekimenak aurkezteko «prest» daudelako.
EAJ ez dela oposizioko «alderdi soil» bat adierazi du Iñigo Urkulluk. Bere hitzetan, oraindik ere gizarteko «liderrak» izaten jarraitzen dutela erakutsi dute azken hilabeteotan.