GARA > Idatzia > Mundua

FARCeko hogeita bost gerrillari hil dituela esan du Kolonbiako Armadak

FARC Indar Armatu Iraultzaile Kolonbiarretako hogeita bost gerrillari hil ditu Kolonbiako Armadak urtarrilaren 1ean Meta eta Guaviare eskualdeetan abian jarri zuen erasoaldian. Hildakoetako hiru FARCeko buruzagi garrantzitsuak ziren, bertsio ofizialaren arabera.

p019_f02_199x116.jpg

GARA |

Kolonbiako hedabideek «iturri militarrak» aipatzen dituzte Vistahermosa eta Puerto Rico izeneko herrietan izan diren borroken berri ematean. Hildako guztiak gerrillariak lirateke aipatu bertsioaren arabera. Beraz, zibilik ez da hil bonbardaketen eraginez. Gainera, Armadak berak ez du soldadurik galdu. Horrexegatik, begirale batzuek nabarmendu dute operazio honi buruzko informazio ofizialak propaganda dirudiela.

Rebelion agerkari elektronikoak nabarmendu du Vistahermosako erasoaldiak Raul Reyes FARCeko burua 2008ko martxoaren 1ean Ekuadorren hil zuen operazioaren tankera handia duela. Orduan ere, hogeita bost hildako izan ziren -ikusteko dago oraingo operazioak zenbat hildako eragiten dituen, amaitu gabe daukate-eta-.

Erasoaldia urtarrilaren 1eko goizaldean hasi zen, gerrillariak Urteberria ospatzen ari zirela. Kolonbiako Aire Armadako gerra hegazkinek Vistahermosa inguruko oihanak bonbardatu zituzten, FARCeko 43 Fronteak bere kanpamentuak bertan zituelakoan.

Bertsio ofizialaren arabera, ehun gerrillari inguru zeuden bertan bonbardaketa hasi zutenean. Horren ondoren, lurreko erasoari eman zioten hasiera, Gabriel Silva Kolonbiako Defentsa ministroaren agindupean.

Bogotako Gobernuak eman duen bertsioaren arabera, Armadak ez du bajarik izan, nahiz eta borrokek ordu batzuetako iraupena izan zuten.

«El Tiempo» eskuineko egunkariaren arabera, Vistahermosako operazioa abenduaren 22an Florencian hil zuten Caquetako gobernadorearen aurkako erasoaren arduradunak aurkitzeko egin zuten militarrek. Egunkari berean, aurreraxeago, irakur daiteke Armadako Omega izeneko taldeak sei hilabete daramatzala FARCeko ekialdeko frontearen aurka borrokan, eta epe horretan berrogeita hamar gerrillari hil dituela. Non dago benetan gertatutakoa?

Hildakoetako hiru Jorge Briceño Suarez Mono Jojoy FARCeko buruaren ondokoak zirela nabarmendu da: Eliseo Caicedo Mauricio Pitufo, Miller Ospina El Abuelo eta El Negro Alberto.

DinastiA operazioa

Izen hori jarri dio Armadak FARCeko ekialdeko frontearen aurkako erasoaldiari. 2.000 soldadu dauzka bere aginduetara Javier Florez Aristizabal jeneralak. FARCeko buru gehiago harrapatu nahi dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo