Top 14
Biarritzek egin beharrekoa primeran egin du berriro ere
Lapurtarrak gehiago izan ziren lehendabiziko minututik, eta lau entsegu lortuta erakutsi zuten hori.
BIARRITZ 26
MONTPELLIER 10
Jon LEUNDA
Bi partidatik bi garaipen. Horixe zen Biarritzek aste honetan zuen eginbeharra, etxeko bi neurketak garaipenen bidez erabaki behar zituelako, eta ez zuen aukera alferrik galdu.
Atzo, gainera, zuri-gorriek lau entsegu egin zituzten, eta erasoko puntua ere batu ahal izan zuten. Berri txarra, berriz, Dimitri Yachvilik eman zuen, ez baitzen jaurtiketekin fin aritu. Azkenaldian ondo samar zebilen, baina atzo bi zigor-kolpe besterik ez zituen gauzatu, eta aukerak izan arren, ez zuen bere egunik onena izan.
Partidari dagokionez, lapurtarrak goranzko bidean dabiltzala ikusi zen, eta emaitza txarrak pilatu zituzten bolada kaskar hura gainditu dutela agerian utzi dute egun hauetan jokatutako neurketetan.
Etxeko taldea lehen minututik gehiago izan zen, eta Montpellier goian presioa sartzen ahalegindu baldin bazen ere, euskaldunek ederki jakin zuten hori gainditzen. Hala, beharrezkoa zuten garaipena, opari eta guzti, merezita jaso zuten. Orain bide horretatik jarraitzea beharrezkoa da.