«Kantuak ordenagailuaren aurrean sortzen ditugu; laborategiko lana da gurea»
Gose taldeko kideak
Hirugarren diskoa kaleratu berri du Arrasateko Gose hirukoak: Lehena beltza izan zen. Bigarrena, zuria. Eta estudioko hirugarren hau, gorri kolorekoa. Trikia, punka eta technoa uztartzen duen proposamen bitxia sendotzen doa disko eta zuzeneko bakoitzean. Diskoa kalean jada, egun zuzeneko emanaldietan buru-belarri dabiltza. Hurrengoa, Elizondoko (Nafarroa) Lur aretoan, bihar gauean.
Koldo OTAMENDI | ARRASATE
Trikia, punka eta technoa. Horiek dira Gose taldearen hiru musika zutabe nagusiak. Musika mundu ezberdinetan jardundako hiru musikari batu ziren egitasmo bitxi honetan eta nahasketak kimika izan duela esan daiteke. Geroztik egindako bidea emankorra izan da zinez: dozenaka zuzeneko emanaldi, hauetako batzuk Carlinhos Brown edo Fangoria bezalakoen alboan, iraupen luzeko hiru disko, «Eutsi!» filmerako soinu banda, Kurdistan eta Japonian zehar kontzertu bira. Taldearen iraganaren eta orainaren berri izateko Arrasateko Shot! Estudioetan bildu gara Goseko hiru kideekin.
Talde gisa, bost urte, dozenaka emanaldi eta hiru disko merkatuan... abiada biziko bidea zuena.
Gose bat-batean sortu zen hiru lagunen arteko esperimentaziotik. Sortu eta gero etorri den guztia bakarrik etorri da, eguneroko lanean oinarrituta. Ez dugu izan denborarik apur bat geratu eta atzera begiratzeko. Egunez egun gauzak lantzen joan gara: kantuak sortu, kontzertuak eman, egitasmo berrietan murgildu, lankidetza ugari tartean... Egunez egun hazi den zerbait izan da. Hiru disko egin ditugu, bost Durangoko Azoka bizi, baina batez ere zuzeneko kontzertuak markatu dute taldearen bidea. Gero eta gehiago jotzen ari gara eta horrek taldearen balioa erakusten du.
Etengabeko konposatze lanetan aritzen da taldea beraz.
Ez ditugu ulertzen off botoia sakatu eta konposatzeari uzten dioten taldeak. Guk ezingo genuke. Egunero dabil ideia bat buruan kantu bat egiteko. Ez ditut ulertzen zuzenean jotzeari utzi eta konposatzeari ekiten diotenak. Hori taldearen heriotza da. Guretzat gauzarik garrantzitsuena eguneroko lana eta hurrengo kontzertua dira.
Gaztetxe batean, antzoki elegante batean, lehendakariaren aurrean, Bertsolari elkartearen festan edo EITBren egoitzaren inaugurazio ekitaldian... edozein tokitan jo duzue....
Guretzat erronkarik handiena leku horietan guztietan jotzea izan da, eta hain publiko eta jende ezberdinaren aurrean gure mezua zabaltzea. Hori sekulakoa da! Guk jarrera bera izaten dugu gaztetxe batean jo dugunean edo Ibarretxe lehendakari zela bere aurrean kantatu genuenean. Ez dugu gure filosofia aldatu publiko ezberdin baten aurrean jo ahal izateko. Beti egon gara prest edozein lekutan jotzeko eta ez dugu inolako aterik itxi. Mezu bat dugu zabaltzeko, eta zenbat eta ikusle anitzagoa aurrean, orduan eta hobeto. Mikrofono batek duen balioa izugarria da eta hori aprobetxatu behar dugu. Aurreiritzi eta konplexu gehienak gure baitan daude, eta eskema horiek apurtzea ezinbestekoa da.
Hiru lagun taula gainean, hiru musika mundu ezberdinetan haziak. Hori da Goseren sekretua.
Hori da Gose berezi egiten duena. Jakin izan dugu hiru mundu ezberdin uztartzen eta bakoitzak amore ematen zenbait unetan. Oso berezia da gure talde era: trikitilari bati techno musika gustatzea ez da oso ohikoa, ez eta rockero batek anplifikadore eta punteorik gabe jotzea ere. Era berean techno musika entzuten duen batek aurreko bi musika erak gustuko izatea ez da erraza. Hiruron artean oreka bat lortu dugu, eta hori oso gutxitan gertatzen da hain mundu desberdineko musikarien artean.
Gose proposamena bitxia dela ezin da ukatu. Euskal Herrian ba al dira zuen norabidean dabiltzan talde edota egitasmoak? Esaterako, Mokaua taldeko Anderrek hartu du parte disko berri honetan.
Gurea berezia izan daiteke, baina ez gara piztia arraro sentitzen Euskal Herriko musika eszenan. Gurean musika mugimendua garatzen doa eta egunez egun gauza berri eta interesgarriak sortzen dira. Ohikoan bertako ikusleria rockeroa da eta proposamen berriak asimilatzea kosta egiten zaio. Zuzenekoetan bateria bat entzun eta taula gainean ez ikustea ez da erraza jende askorentzat, eta hori egunez egun aldatzen ari delakoan gaude. Mokaua eta tankerako taldeak interesgarriak dira guretzat, eta Anderren parte hartzea diskoan bide horretatik dator. Ohikoak ez diren musika eratan saiakerak egiten dituen jendea badago, eta laster fruituak ikusiko direla uste dugu. Jarrera aldetik gertuago daude RIP taldetik, technoa lantzen duten egitasmo askotatik baino.
Kantuen letrek ere berezko izaera ematen diote taldeari. Drogak, sexua... baina gai sozial eta politikoak ere bai.
Bizi garen inguruak eskatzen dituen hitzak lantzea gustuko dugu. Eta gure inguruan drogak daude, sexua, errege baten bisita gure herrira eta abar. Ez ditugu oso gustuko kantu instrumentalak. Kantuak zerbait adierazteko egiten ditugu, eta gaur egun, Euskal Herrian bizi dugun egoera honetan, are gehiago.
Makina bat kontzertu Euskal Herrian, baina taldearen bidean une garrantzitsu bat Kurdistango Diyarbakir jaialdia izan zen.
Inoiz jo dugun agertoki handienean jo genuen, 50.000 lagunen aurrean, eta bertan bizi izandakoa oso handia izan zen. Nahiz eta gure hizkuntza ulertu ez, guk helarazitako mezua ederki ulertu zuten, eta konplizitate handia sortu zen gure eta ikusleen artean. Kurdistanen izan ginenean haiengandik oso gertu sentitu ginen, antzekotasun asko topatu genituen. Alta, agian gure herritik hamar kilometrora jo eta agian ez dugu konexio hori lortzen. Hausnarketa hori behin baino gehiagotan izan dugu. Kurdistango bidaia taldea sendotzeko oso garrantzitsua izan zen eta aurrera begira erronka berrietan murgiltzeko, ezinbestekoa. Bide horretan ulertu behar dira berriki egin dugun Japoniako bira edo espainiar Estatuan zehar emandako kontzertuak.
«Mezu bat dugu zabaltzeko, eta zenbat eta ikusleria anitzagoa izan, hobeto. Mikrofono batek duen balioa izugarria da eta hori aprobetxatu behar dugu»
«Rock talde batek entsegu lokal bat behar duen bezalaxe, gurea bezalako egitasmo batek estudio baten babesa beharrezko du kantuen sorkuntzarako»
Gose taldea sortu zen une beretik nortasun propioa izan duela esan daiteke, baina urte hauetan guztietan egitasmoa garatzen eta biribiltzen joan zarete.
Nortasuna ez da gauza geldi bat, malgutasunez eraman behar da, une oro garatuz. Funtsean gure oinarriak hasierakoak dira, baina egunez egun garatuz doazela esan daiteke. Gure lanabesak ere hasierakoak dira: irudiak, ordenagailuak, gitarrak eta trikia. Gose ez dago beste inongo talderekin konparatzerik, ez dago gurea bezalako nahasketarik. Eta horrek gure alde jokatzen du. Punk talde asko daude, baina Sex Pistols bezalakoak gutxi izan dira. Berdin gertatzen da Prodigy edo Chemical Brothersekin.
Zuzeneko emanaldietan musika estiloen nahasketa ohikoa da egun Euskal Herrian. Zuek, esaterako, Des-kontrol taldearen alboan edota Akaturen ondoren aritu zarete azken boladan...
Gosek, taula gainean, edozein rock taldek izan dezakeen energia bera du. Hori da gure filosofia. Gure taldea ez da sailkatzen erraza eta horrek bi bide bakarrik uzten ditu: zure lekua inon ez topatzea edo leku guztiak zureak izatea. Hemen ere, aurreiritziak apurtzen saiatzen gara.
Gose taldean garrantzi handia ematen diozue itxurari, izaerari...
Taldearen zati garrantzitsua gure jarrera da. `Gauez eta azpikeriaz' landutako zerbait da. Zentzu guztietan laborategiko taldea da gurea. Pluggin-en, photoshop-aren eta bestelako efektuen defendatzaile sutsuak gara. Talde izaera aurrez aukeratutako zerbait da: diskoen diseinua, promozio argazkiak, eszenatokiko muntaia... denak du lotura. Lotura horrek ematen dio izaera Goseri.Koldo OTAMENDI
«Gustatuko litzaiguke Euskal Herrian bizita, La Oreja de Van Gogh-ek edota Mikel Erantxunek bezala, kantu zoriontsuak egitea, baina guk bizi dugun errealitatea bestelakoa da»
«Egia da askotan mugak jartzen dizkigutela Euskal Herriko talde bat izateagatik, eta Estatu espainolera ateratzea ez da erraza. Baina agian geure aurreiritziak baztertu behar ditugu lehenengo»