Gipuzkoako kiroldegietako langileentzako lan hitzarmen propioa exijitu dute
Kiroldegiak kudeatzen dituzten enpresek ELA eta LAB sindikatuekin adosturiko aurre-hitzarmena ez sinatzea erabaki dute. Langileen lan baldintzak Gipuzkoako okerrenetarikoak direla salatu dute sindikatuok.
Amaia ZURUTUZA |
Gipuzkoako kiroldegietako langileek mobilizazioari ekingo diote kirolgune hauek kudeatzen dituzten enpresek sektore honetako langileentzako hitzarmen kolektibo propioa onartzen ez badute. ELA eta LAB sindikatuek atzoko prentsaurrekoan azaldu zutenez, hiru urtez negoziatzen aritu ostean, pasa den abenduaren 23an bi sindikatuok eta kiroldegiak kudeatzen dituzten enpresen elkarteak aurre-hitzarmena adostu zuten, sektoreko langileentzako hitzarmen kolektiboa sortzeko. Azken momentuan enpresek ez dute, ordea, akordioa sinatu. «Adarra jo digute», salatu zuten gogor, eta «langileek erasoari ekingo diogu», gaineratu zuten.
«Miseriazko soldatak»
Orain 15 bat urte hasi ziren Gipuzkoako hainbat herri udal-kiroldegiek eskaintzen zituzten zerbitzuak pribatizatzen. Hala, udal bakoitza zerbitzu horiek kudeatzeko enpresak azpikontratatzen hasi zen. Ordutik, sektoreko langileek lan baldintza «oso-oso ilunak» izan dituztela salatu zuten ELA eta LABek. Kiroldegietako langileek «miseriazko» soldatak dituztela salatu zuten, baita enpresa bakoitzak, bere nahiaren arabera, mailakako soldatak ezartzen dituela ere.
Era berean, urteko egutegirik ez dutela, langile erdiek behin-behineko kontratua dutela eta arauturiko prestakuntzarik gabeko langileak daudela adierazi zuten. Horrekin batera, igandetan nahiz gauez lan egiteagatik plusik ez dutela, eskolak prestatzeko denborarik ere ez eta langileen %65ek lanaldi partziala duela salatu zuten.
Enpresek langileei ezartzen dieten hitzarmenak sektorearen berezitasunak ez dituela aintzat hartzen adierazi zuten, eta sindikatuen helburua langileen lan baldintzak pixkanaka hobetzeko hitzarmen propioa adostea izan dela.
Mobilizazioak
Kiroldegiak kudeatzen dituzten hainbat enpresa hasieratik negoziazio prozesuaren alde azaldu direla adierazi zuten, beste batzuek, ordea, oztopoak besterik ez dituztela jarri. Era berean, hainbat udal azpikontrataturiko enpresei presioa egiten aritu direla esan zuten, langileen lan baldintzak hobetu ez ditzaten. «Badira Gipuzkoan ezagutzen diren lan baldintza okerrenak bultzatuz euren kiroldegi zoragarriak `saltzen' autopromozio handia lortu duten alkateak», salatu zuten.
Sektorearen egoera hoberen definitzen duen hitza «kaosa» dela esan zuten. Horregatik, enpresek adosturiko hitzarmena urtarrilaren 31rako sinatzen ez badute, langileek mobilizazioak hasiko dituztela iragarri zuten.