Bihar antzeztekotan ziren Maskarada eguraldi txarragatik hurrengo astera arte atzeratu dute
Larraineko gazteek beren gain hartu dute aurten Maskarada antzezteko ardura, eta bihar egin behar zuten estreinaldia, baina egunotako elurra eta hotza dela-eta, urtarrilaren 17an hasiko da denboraldia.
Idoia ERASO |
Apirilaren 18ra bitarte, Larrainetik hasi eta beste hamabi herritan antzeztu behar zuten Maskarada, baina atzerapen hau dela-eta egutegia berrikusi behar izan dute. Estreinaldiaren ondoren, lehen herria Gamere izan behar zen, baina atzerapenaren ondorioz, bera izanen da azkena, apirilaren 18an. Hori dela-eta Larrainen bertan egin behar den azken emanaldia apirilaren 25ean izanen da.
Data aldaketa hori kenduta egutegiak bere horretan segituko du, beraz, urtarrilaren 24an Ligin eginen da eta hilabeteko azken emanaldia Atharratzekoa izanen da.
«Atzeratzeko deliberoa hartu dugu herria elurraz eta hormaz betea baita», jakinarazi zuen Intzindariaren papera eginen duen Johañe Etxebestek. Hurrengo asterako eguraldiak hobera egingo duela espero dute herrian, eta seguruenik horri buruz zeresana ere atzemanen dute irrizaleek. Anartean lanak ez dira gelditu, atzo egin behar zen azken mustraka heldu den ostiralera arte atzeratu dute.
Peredikuaren prestaketa
Herri bakoitzean egiten den peredikuaren prestaketa berriari ere ekin diote. Heldu den astean Gamere herrian egitekotan ziren emanaldirako testuaren nondik norakoak erabakiak ziren, baina bertso horiek apirilaren erdialdera arte itxaron beharko dute. «Aste honetako lana Ligikoa prestatzea izanen da», aitortu zuen Etxebestek.
Herriko berriak bildu eta gero peredikua prestatzeko bertsoak eta errimak bilatzeko lana egiten bi aste lehenago hasten dira gazteak. Herri bakoitzean ezagutzen duten jendea deitu eta azken berriak galdetzen dituzte. Ondoren, zenbait izen galdetuta bati eta besteari deitzen aritzen dira kolore guztietako informazioa biltzeko.
Kritikak eta irriak nagusi badira ere herri bakoitzean arazoak daudenean bi alderdietako iritziak biltzen saiatzen dira. «Bertsotan eta errimarekin erranak, baina gure xedea irribarreak biltzea da», onartu zuen Intzindariaren paperean izanen den larraintarrak.