GARA > Idatzia > Euskal Herria

Atxilotu eta torturatuak izateko arriskuan

Uribe Kosta eskualdeko hamar bat gazte edozein unetan atxilotu, inkomunikatu eta torturatuak izateko arriskuan daudela ohartarazi zuten atzo, Guardia Zibilak eta Polizia espainolak azaroan buruturiko sarekaden osteko galdeketetan beraien izenak agertu baitira. Salatu zutenez, ez dute «ezer gordetzekorik» beren jarduera «agerikoa eta ezaguna» izan baita, baina Auzitegi Nazional espainolak epaileen aurrean borondatez aurkezteko aukera «itxi» die.

p014_f02_2.jpg

Manex ALTUNA |

Uribe Kostako hainbat herritarrek agerraldia egin zuten atzo Algortan, eskualdeko hamar bat gazteri sostengua emanez, atxilotu eta torturatuak izateko arriskuan daudelako. Amnistiaren aldeko mugimenduak azaldu zuenez, joan den azaroan gazte independentisten aurka egindako sarekadan «beraien izenak atera dira, tortura erabiliz egindako galdeketetan» eta edozein unetan atxilotuak izan daitezke. «Gazte hauek Guardia Zibila eta Polizia espainolaren zerrendetan daude, horrek dakarren arriskuarekin».

Kepa Manzisidor abokatuak gazte hauek «babesgabetasun egoera» pairatzen dutela azaldu, eta Madrileko Auzitegi Nazionala oro har euskal gazteriaren aurka ematen ari den urratsak «legezkotasun muga guztiak» urratzen dituela salatu zuen.

Gogora ekarri zuen azken bi urteetan 100 gazte baino gehiago atxilotu dituztela «Segiko kide izatea» egotzita. Operazio hauen guztien atzean «bultzada politikoa» dagoela esan zuen, beraien kontra erabilitako «froga» bakarrak DVDak, kamisetak, kartelak jartzea edota gaztetxeetan egotea baita.

Azken sarekadan atxilotutako gazteek ere kolpeak, poltsa, irainak, mehatxuak eta sexu erasoak jasan zituztela eta torturatuak izan zirela salatu zuen, «euren borondatearen kontrako deklarazioak egin arte». Ainara Bakedanori gertatutakoa aipatu zuen, borondatez deklaratzera aurkeztu bazen ere, atxilotu eta torturatu egin baitzuten.

Gazte bizkaitar hauek antzeko egoeran daudela ohartarazi zuen: «Ez dute ezer gordetzekorik, beren jarduera agerikoa eta ezaguna izan da herrian, gaztetxean edo ikastetxean, baina Madrilgo epaileek ez dute horren berri jakin nahi. Nahiago dute Polizia edo Guardia Zibilaren bidez atxilotu, inkomunikatu eta beren gustuko deklarazioak lortu».

Auzitegi Nazionalak defentsarako eskubidea ez duela bermatzen salatu zuen, eta gizarteari zein zuzenbidearen alorrean ari direnei zuzenduz, nabarmendu zuen lanean jarraitu beharra dagoela inkomunikazioa gehiago erabil ez dadin, horrek ahalbidetzen duelako tortura.

Bestalde, amnistiaren aldeko mugimenduak «errepresio eta jazarpen basatienaren aurrean jarrera argiak eta konpromiso zehatzak hartzeko» deia egin zien eragile politiko, sindikal eta sozialei. Ildo horretatik, «herri honek demokraziarako bidea egin dezan antolatu eta erantzun bateratuak ematea» beharrezkoa dela esan zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo