Burka leku publikoetan eramateagatik 750 euroko isuna ezarri nahi du Parisek
Burka edo aurpegi osoa estaltzen duen zapia leku publikoetan janztea 750 euroko isunarekin zigortu nahi du Nicolas Sarkozyren Gobernuak. Legea, onartu gabea oraindik, udazkenean ipini nahi du martxan. Egitasmoak eztabaida sutsua piztu du Estatu frantsesean.
GARA |
Nicolas Sarkozyren Gobernuak aspalditik debekatu nahi du Estatu frantsesean burkaren edo aurpegi osoa estaltzen duen zapiaren erabilera. Versalleseko jauregian duela gutxi egindako agerraldian presidente frantsesak burka «morroitzaren sinboloa» dela plazaratu zuen. «Ez da ongi etorria gure artean, Errepublika frantsesak emakumearen duintasunaren gainean dituen oinarrien kontrako baita», nabarmendu zuen. Hitz horiek eztabaida sutsua piztu zuten. Janzki horren balizko debekuari ere ateak zabaldu zizkion.
Aurretik, hainbat talde politikotako 60 bat legebiltzarkidek burkaren «ugaritzea»ren arrazoiak ikertzeko batzordea osatzeko eskatu zuten. Sarkozyk bere oniritzia eman zuen.
Legea datozen bi asteetan aurkezteko asmoa du Gobernuak. Onartuko balitz, leku publikoetan burka edo erabateko beloa eramaten duten emakumeek 750 euroko isuna jaso lezakete, Asanblea Nazionalean UMPko taldearen presidenteak, Jean-Fraçois Copek, esan zuenez.
UMPk gehiengoa du Asanblea Nazionalean. «Le Figaro Magazine» egunkariarekin eginiko elkarrizketan adierazi zuenez, legea udazkenerako ipini nahi dute indarrean.
Alderdi Sozialistaren baitan iritzi kontrajarriak daude. «Burka emakumeentzat kartzela bat dela uste dugun arren eta horren kontra egonda ere, ez dugu bat egiten legearekin. Ez dagokio Estatuari Korana edo Ituna interpretatzea», plazaratu zuen talde politikoaren bozeramaile Benoit Hamonek. «Zer egingo dute segurtasun indarrek emakume bati burka kentzea behartzeko?», galdetu zuen.
Baina PSko hiru legebiltzarkidek legearekin ados daudela aditzera eman dute.
Duela bost urte, eskola publikoetan belo islamikoa eta sinbolo erlijiosoak debekatu zituen.